Teknologia albisteak

XIII. CAF-Elhuyar sariak

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2006-10-25 : 10:10

Hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezia bat banatuko dira aurtengo lehiaketan. Sariettara lanak aurkezteko epea abenduaren 1ean amaitzen da.

Zientzia-dibulgazioko XIII. CAF-Elhuyar sariak maiatzean abiatu ziren, eta lanak aurkezteko epea abenduaren 1ean amaituko da. Beraz, parte-hartzaileek oraindik badute denbora zientzia-dibulgazioko artikuluak bidaltzeko. Aurtengo edizioan hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezi bat banatuko dira. Aurtengo sariak, beraz, hauek izango dira:

· Lehen saria: 1.000 € eta oroigarria · Bigarren saria: 500 € eta oroigarria · Hirugarren saria: 300 € eta oroigarria · Gazteentzako sari berezia: 300 € eta oroigarria

Euskararen eta zientziaren alorrean eskarmentu handia duten adituek osatuko dute epaimahaia, eta 2007ko martxoan egingo den sari-banaketan emango da irabazleen berri. Epaimahaia pertsona hauek osatuko dute: Mikel Álvarez, medikua eta Gurutzeta Ospitaleko zuzendari nagusia; Cristina Alberdi, Inasmet-eko marketin- eta komunikazio-arduraduna; Koldo Nuñez, Geologian doktorea, Elgoibarko IMHko zuzendaria eta zientzia-dibulgatzailea eta, azkenik, Enrique Ortega, Fisika Aplikatuan katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea Gainera, lan irabazleak Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian eta www.zientzia.net web gunean argitaratuko dira.

Oinarriak eta aurreko edizioetako lan irabazleak www.zientzia.net eta www.elhuyar.org web guneetan ikus daitezke.

Zientziaren dibulgazioa sustatzeko sariak

Beasaingo CAF enpresak babesturik, zientziaren dibulgazioa sustatzeko sariak sortu zituen Elhuyarrek duela hamahiru urte. Erronka hari tinko eutsiz, 1994az geroztik urtero aurkezten dira zientzia-dibulgaziorako CAF-Elhuyar sariak. Ehunka zientzialarik eta idazlek beren lanak argitaratzeko aukera aparta dira sariok, lortu duten oihartzunak erakusten duenez. Bestalde, egitasmo honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza) laguntza jaso du.

Erantzun

Sartu