Teknologia albisteak

Iritsi da Zernola Olinpiadaren bosgarren edizioa

Erabiltzailearen aurpegia
Aitziber Lasa - Elhuyar Fundazioa
2006-10-07 : 13:10

Elhuyar Fundazioak V. Zernola Olinpiada jarri du abian DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat. Olinpiada horren helburua da gaztetxoei erakustea zientzia eta teknologia gai dibertigarriak izan daitezkeela. Dagoeneko eman daiteke izena www.zernola.net atarian.

Lehiaketa urrian hasi eta maiatzean amaituko da, eta amaieran hainbat sari banatuko dira: lehenengo bi gela irabazleek aterpetxe baterako bi eguneko egonaldia irabaziko dute, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundien eskutik; hirugarren sailkatuak, aldiz, Sobronerako txango bat irabaziko du, Sobron Abentura taldearen eskutik, eta, han, kanoan ibiltzeko eta abentura-parkean jolasteko aukera izango dute ikasleek.

Elhuyar Fundazioak urrian jarriko du martxan V. Zernola Olinpiada, www.zernola.net atariaren bitartez. Lehiaketan Euskal Herri osoko DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek har dezakete parte. Gaztetxoek, teknologia berriez baliaturik, zientzia eta teknologiaren inguruko hainbat proba gainditu beharko dituzte 2006-2007 ikasturtean. Ekimen honen helburua da gaztetxoek zientziaz eta teknologiaz gozatzea.

Lehiaketan parte hartzen duten gelek www.zernola.net atarian argitaratuko den zientziaren inguruko proba bat gainditu beharko dute hilero, urria eta apirila bitartean. Probak gelakide guztien artean egiteko dira. Erantzuna landutakoan, posta elektroniko bidez bidali beharko dute zernola@elhuyar.com helbidera.

Olinpiadan parte hartzeko epea irekita dago jada, eta www.zernola.net atarira jo behar da izen emateko. Aurten, lehenengo hiru sailkatuek saria jasoko dute: lehenengo bi gela irabazleek aterpetxe batean bi eguneko egonaldia egiteko aukera izango dute, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundien eskutik; hirugarren sailkatuak, aldiz, Sobron Abentura parkerako sarrera irabaziko du, Sobron Abentura taldearen eskutik. Joan-etorriak Aizpurua Autobusek eskainiko dituzte.

Olinpiadaren dinamika

Lehenengo proba urriaren 9an argitaratuko da www.zernola.net web gunean, eta proba horretan, ikasleek energiaren gaian sakondu beharko dute, zientzia-kazetari bihurtuta. Gainerako probetan, lehiakideek ikerketa-lanetan aritu beharko dute: teknologian murgilduko dira, astronomo izango dira, animaliak gertutik ezagutuko dituzte, IBAIALDE egitasmoaren eskutik ibaietako ekosistemetan barneratuko dira eta matematikari zorrotz bihurtuko dira. Baina, batez ere, ikaragarri ondo pasatuko dute gazteek!

Olinpiada-amaierako sariez gain, hilero sariak izango dira, Berriak, Donostiako Aquariumek, Gaztetxulo aldizkariak, Zientziaren Kutxaguneak, Kukuxumusuk, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Astitzko kobek (Mendukilo), Senda Viva Parkeak, Iruñeko Planetariumak eta Karpin Abenturak eskainita, hilabete bakoitzeko probak ondoen egiten dituzten ikasgelentzat. Lan irabazleak www.zernola.net atarian egongo dira ikusgai.

Erantzun

Sartu