Catalunya-Euskadi partidarako iragarkia debekatu dute
Catalunya-Euskadi futbol partidarako Kataluniako selekzioaren aldeko taldeak bultzatutako telebista spot-a debekatu egin du epaile batek. Lasai: Internet asmatua dago eta ez gara ikusi gabe geratuko.
Kataluniako eta Euskadiko futbol selekzioen arteko partida urriaren 8an. Antolatzailea, selekzio katalanen aldeko plataforma.
Plataforma horrek egin zuen Kataluniako telebista batzuetan azken asteotan eman izan duten iragarki polemikoa: mutikoa Kataluniako elastiko nazionalarekin doa jokatzera, eta Espainiako elastikoa duenak ez dio uzten...
Plataformaren webgunean ikus dezakegu bideoa. Eta Youtube-n ere bai, makina bat kopia, gainera.
Telebista publiko katalanean ez dute gehiago emango, hala ere. Epailearen debekua Ciutadans de Catalunya alderdiak epaitegian egindako eskariaren ondoren etorri da. Abertzaletasun katalanaren kontrako alderdi berria da Ciutadans. Bultzatzaileen artean, Ermuko Foroaren orbitako jendea ere bai: Rosa Diez euskal europarlamentari sozialista ere haien aurrekanpaina hasieran (hauteskundeak daude Generalitaterako, azaroan) izan zen, bere alderdikide Jose Montilla ministro-ohiaren kontra jotzeko animoak ematen.
Informazio zehatzagoa Vilaweb-en (ez da hain zaila katalanez irakurtzea, saiatu).
Erantzunak kargatzen...