Teknologia albisteak

Teknoskopioa, asmatzaile gazteentzako ideia-lehiaketa, martxan da

Erabiltzailearen aurpegia
Izaro Aizpurua - Elhuyar Fundazioa
2006-09-28 : 15:09

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako lehiaketa da, eta talde irabazleko kideek mp4 irakurgailu bana jasoko dute, Eroski Fundazioaren eskutik. Lehiaketa hau azaroaren 6tik 12ra egingo den Zientziaren Astearen baitan antolatu da, eta energiaren gaia du ardatz.

Teknoskopioa asmatzaile gazteentzako ideia-lehiaketak hirugarren edizioa du aurtengoa, eta aurten energiaren gaia du ardatz. Lehiaketaren bidez, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak motibatzeaz gain, haiek energiaren auziaz jabetzea da antolatzaileen helburua. Lehiaketa honetako parte-hartzaileak ikertzaile/asmatzaile lanetan arituko dira. 2050a iritsi dela imajinatuko dute; petrolioa, ikatza eta gasa agortzear daude... nola moldatuko dira orain? Ikasleak energia-arloan lanean ari diren herriko agintariak izango dira. Nork bere herrian dituen energia-baliabideak kontuan hartuta, herria hornitzeko sistema berri bat aurkeztu beharko dute, eta ohiko energia-iturrien ordezkoak proposatu.

Ikasleek gehienez lauko taldetan hartuko dute parte, eta aurkezpen bat prestatu beharko dute. Hori egiten laguntzeko propio prestaturiko material didaktikoak, irakasleentzako jarraibideak, adibideak eta lehiaketa honen inguruko xehetasun guztiak http://www.zientzia.net/teknoskopioa.asp helbidean egongo dira eskuragarri. Irabazleek mp4 irakurgailu bana jasoko dute, Eroski Fundazioari esker.

Epaimahaia energiaren inguruko hainbat adituk osatuko dute, bai eta Elhuyar Fundazioaren, Sareteken, Hezkuntza Sailaren eta Zientziaren Kutxagunearen ordezkariek ere. Lanak balioztatzeko, kontuan hartuko dira arrazoibidea sinesgarria izatea, ideia berriak gizarteari onura ekartzea, aurkezpena landuta egotea eta lana originala izatea.

Erantzun

Sartu