Gaur eta bihar Recommenders 06 jardunaldia egiten ari dira Bilbon, Euskalduna Jauregian. MyStrands enpresaren inguruko ekimen bat da. Parte batean behintzat Bizkaikoa da Interneteko ekimen hori, nazioartean web 2.0 delako eremu horretan aipatzen den inguru hauetako ekimen bakanetakoa.
MyStrands orain dela gutxi arte MusicStrands deitzen zen.
Bartzelonan eta Estatu Batuetan kokaturiko enpresatzat aurkeztu izan da Techcrunch bezalako guneren batzuetan, baina osagarri batzuk baditu Bizkaian, bai garapenaren, fundatzaileen eta babesaren aldetik. Enpresaren aurpegi publikoa Gabriel Aldamiz-Etxebarria izaten ari da hilabeteotan. SPRI sozietate publikoaren babesa ere badutela dirudi, adibidez jardunaldi hauetarako.
MyStrands musika entzuteko tresna bat dela ematen du. Bere lehen izena musikari lotuago zegoen: MusicStrands.
Bere funtsa zera zen: zuk jogailu bat duzu zure ordenagailuan, eta musika entzun ahala, zure gustuak eta aukerak, haien datubaseetan pilatzen doaz beste erabiltzaile guztien aukerekin, eta horrela gomendioak jaso ditzakezu, eta musika joeren informazioa agregatzen da. Zuk ezagutzen ez duzun musika edo joerak zure jogailura irits daitezke, zure pauta beste erabiltzaileen datuekin aberastuz.
Kontzeptu horretatik, beste batzuetara eboluzionatu dutela ematen du: ez musikako joera edo gustuak bakarrik, kontsumo joera orokorregoetara jo nahi duetal ematen du, MyStrands izen generikoagoarekin. Musikaren negozioari, bestalde, tabernetan SMS bidez musika aukeratzeko sistema batekin egin nahi dutela ematen du. Hori ematen du dela PartyStrands ekimena, datorren astean iragarriko dutena (irakurri Techcrunch-en ). Inbertsioa badutela ematen du, hori errentagarri nola bihurtu da koxka.
Gaur eta biharko jardunaldiak MyStrands-en koxka teknologiko-sozialean du oinarria: gomendio kolektiboak. Nola bateratu, agregatu, ulertu hainbat erabiltzaileren datu, gustu eta joera pertsonalak sarean metatuz gero, eta nola transmititu jakintza kolektibo hori berriz erabiltzaileengana edo kontsumoko gaiak ekoizten dituztenengana (joerak aurreikusi, produktu errentagarriak diseinatzeko, adibidez...).
Microsiervos blog espainiarreko Alvaro Ibañez Alvy Bilbon dago, eta bere blogean ari da jarraipena egiten. Alvy MyStrands-en aholkulari ere bada.
Recommenders jardunaldira aditu talde interesgarria ekarri dute antolatzaileek. Horietako bat da Chris Anderson da Wired aldizkariko erredaktore eta Buztan Luzearen kontzeptuaren sortzailea. Aparteko hitzaldi bat du gaur astearte iluntzean Andersonek Bilbon: ea bihar horren berri ematen dugun Sustatun.
Erantzun
Sartu