Hamar ordu ingurutan 100.000 laguni aparkalekua ematea, 7 kmtako ibilaldia egitea, 24.000 sagardo botila eskaintzea... eta egun osoko jan-edana eta ekitaldiak eskaintzea ez da mauka. Nola egin hori 3.700 biztanleko herri batean?
Hilabete falta da Nafarroa Oinez besta Beran egiteko, hirugarrenez. 1983an eta 1994an egin zen Nafarroa Oineza Beran, bietan irailaren 18an. Aurten, baina, urriaren 15ean izanen da.
Labiaga ikastola da aurtengo antolatzailea, eta azken xehetasunetan ari da besta egun haundi horretarako, Nafarroan euskararentzat bestarik garrantzitsuena dena. Nafarroan euskarak lekurik baduela aldarrikatzeko eta agerian uzteko besta.
Baina 100.000 pertsona horiei jan-edana ematen, eta guztia antolatzen 2.000 pertsona baino gehiago ariko gara. Gure herria ttikia izaki, Euskal Herri guztitik etorritako jendearen laguntza beharko dugu egun horretan.
Hemendik deialdia, gu laguntzeko prest dagoen jendeak izena eman dezan.
Txosnatan, segurtasunean, garbiketan, salmentan... zeregin ugarietarako behar da laguntza.
Antolakuntza lana errazte aldera, irailaren 22a baino lehen izen-ematea eskatzen zaizue, honako telefonoetan edota posta elektronikoan:
oinezbera(a-bildua)hotmail.com
600344655
948625215
948631558
Talde zein norbanakoek ematen ahal dute izena, baina antolakuntza lana errazte aldera, taldean izen-ematea eskertuko da, arduradun baten izen-abizenak eta telefonoa emanez, eta zenbat pertsona etorriko diren lanera zehaztuz.
Aldez aitzinetik, antolakuntza batzordeak lanera hurbilduko zareten guztioi eskerrak eman nahi dizkizue.
Erantzun
Sartu