Euskarabidearen aurkezpena Belfasten
2006-09-08 13:09
Euskarabidea egitasmoa nazioartean, Belfasten hain zuzen, aurkeztu du Paul Bilbaok, euskalgintzaren ekimen honen sinatzaileetako batek. Izan ere, Belfasteko Euskal Batzordeak eta An Chultúrlann McAdam Ó Flaich erakundeak euskarari buruz antolatutako hitzaldira gonbidatu dute Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Bilbaok, Euskarabidearen sinatzaile gisa, ekimenaren berri eman du: Euskarabidea aurkeztu genuenean nazioartean ere honen berri ematea eta atxikimenduak jasotzea oso garrantzitsutzat jo genuen, adierazi du.
Ekainean aurkeztutako Euskarabidea ekimena euskalgintzak, jendartearen sektore garrantzitsu gisa, prozesu politikoaren aurrean iritzia emateko eta konpromisoak hartzeko eskubidea duela defendatzen duen agiria da. Euskalgintza osatzen duen jende multzo anitz, handi eta esanguratsuak egoera politiko berriaren aurrean egindako adierazpena; egunero euskararen alde lan egiten dutenek euskararen normalizazioa lortzeko burututako hausnarketa komuna.
Belfasten egindako aurkezpenarekin, Euskarabidea bigarren fasean sartzen da. Irlandan egin dugun bezalaxe, hurrengo hilabeteetan hizkuntza-komunitate gutxiagotuetako beste hainbat erakunde eta norbanakori ere helaraziko diegu ekimenaren berri, ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko asmoarekin, aipatu du Bilbaok. Sinatzaile honen aburuz, garrantzitsua da nazioartean egitasmo honen berri ematea. Hemen Euskarabideari buruzko informazioa zabaltzea ezinbestekoa da, gaineratu du.
Paul Bilbaok eskainitako hitzaldiaz gainera, Behatokiaren zuzendariak euskararen alde lan egiten duten gizarte-mugimenduei buruzko mintegia emango du bihar. Mintegi hori Belfasten gaelikoaren alde lan egiten duten norbanakoen eta erakundeetako kideentzat izango da.
- Na Gael Óga: Gaelikoaren aldeko gazte mugimendua
-Forbairt Féirste: Gaelikoren garapenerako erakundea, batez ere, enpresa munduan lan egiten duena
- Glór na nGael: hizkuntzaren promoziorako erakundea
Euskarabideari buruzko informazio gehiago: http://www.euskarabidea.euskalerria.org/
Erantzunak kargatzen...