Teknologia albisteak
2

Buztan Luzea Interneten: Chris Anderson Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Astigarraga - Prospektiba blogetik
2006-09-05 : 11:09

Tim O'Reilly laster Gasteizen, argitaratu zen Sustatun, baina erantzunetan abisatu zigun irakurle batek: lehenago, Wired-eko Chris Anderson Bilbon, irailaren 12an. Egia da. Anderson interesgarria da ez bakarrik Wired-eko erredaktore buru delako: Interneteko Buztan Luzearen ideiaren zabaltzailea izan delako ere bai.

Dagoeneko nahiko zabaldua dago Interneten Long Tail edo Buztan Luzea izeneko teoria edo ideia.

Iazko maiatzean aipatu genuen blog honetan , eta lehenago ere Luistxok (Buztan Luzearen soziolinguistika edo Blogen buztan luzea eta harpidetza motza artikuluetan) zein Jabi Zabalak (Interneteko buztan luzea edota Internet euskadunari buruzko Euskara sareko buztan luzean artikuluetan) ikuspegi ezberdinetatik plazaratu zuten gaia.

Baina duda barik, Interneteko buztan luzearen teoria-ri buruzko artikulu famatuena, Chris Anderson-ek idatzi zuen Wired aldizkarian: The Long Tail izenekoa. Erreferentziarako artikulu luzea, serioa eta ondo dokumentatua.

Bada, egun gutxi barru, irailaren 12an, Bilbon egongo da Long Tail teoria eta negozioen etorkizunaren inguruan uda honetan plazaratu duen liburu berriari buruz berba egiten Bizkaia Enpresa Digitalak antolatu duen hitzaldian .

Sarrera doan da, baina ezin baduzu joan, Chris Andersonek uztailean kaleratu duen The Long Tail: Why the Future of Business Is Selling Less of More bere liburu berriarekin zerikusia (Amazonen salgai ) duten gaiak jorratzen duen www.thelongtail.com bloga jarraitu dezakezu.

Hemen duzue hitzaldiaren informazioa , eta horrela dio erreferentziako oharrak:

Chris Anderson Wired Magazine aldizkariko erredakzio-burua eta The Long Tail izenburuko artikuluaren egilea da,artikulu hau 2004ko urrian argitaratu zen lehenbiziko aldiz Wired aldizkarian, eta liburu bihurtu zen 2006ko uztailaren 11n.

Chris Anderson Berkeley-n (Kalifornia) bizi da, bere emazte eta lau seme-alabekin. 2001. urtearen erditsuan hartu zuen bere gain Wired aldizkariko zuzendaritza, lehenago zazpi urtez jardun zuen The Economist agerkarian Londresen, Hong Kongen eta Nueva Yorken, bertan hainbat kargutan aritu zen, teknologia saileko erredaktore eta AEBetako finantza saileko erredakzio-buru, besteak beste.

Erantzunak

Galder
2006-09-05 : 11:25

Aupa:


Dagoeneko apuntatu naiz, oso interesgarria izango da, seguru.



Ba al dakizue Bilbon non topa dezaket Chris Anderson-en liburu hau? Interneten bidez topatu nuen baina denpora pila behar zen etxean jasotzeko.



Bestela, formatu digitalean deskargatzerik al dago?



Aldez aurretik, eskerrik asko,



Galder

Eneko
2006-09-05 : 13:35

hasieran hitzaldia Zamudion izango zela iragarri zen, baina gaur bertan Bizkaia Enpresa Digitaletik deika ari dira Chris Anderson-en hitzaldia Euskalduna Jauregian izango dela esanez.


Liburua non aurkitu ez dakit, baina hitzaldian bertan saltzea ez litzateke harritzekoa izango.


Erantzun

Sartu