Teknologia albisteak
2

Lekeitioko Udaleko Euskara Zerbitzuaren logo lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Nahia Zarzosa Aizpurua - Lekeitioko Euskara Zerbitzua
2006-07-19 : 11:07

Lekeitioko Udaleko Euskara Zerbitzuaren irudia izango den logo baten bila gabiltza eta horretarako lehiaketa antolatu dugu. Parte hartu nahi duten artista afizionatu edo profesional guztiek honako baldintzok bete beharko dituzte:

1.- Pertsona bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztu ahalko ditu.

2.- Obra guztiek orijinalak izan behar dute eta ondorengo leloa jaso: Lekeitioko Euskara Zerbitzua

3.- Teknika: Librea.

4.- Neurria: gogoan izan behar da, neurri txikietan erabiliko dela; beraz, logoa gehienez 10 X 10 zm-koa izango da.

5.- Lanak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira eta kopia bat paperezko euskarri gogorrean. Logoak sinadura barik ezta egilea nor den adieraz dezakeen inolako datu barik ere aurkeztuko dira, kartazal itxi batean, beroni izenburu hau jarriko zaiolarik: “LEKEITIOKO UDALEKO EUSKARA ZERBITZUAren logotipoa: A kartazala”.
Beste kartazal batean, “LEKEITIOKO UDALEKO EUSKARA ZERBITZUAren logotipoa: B kartazala” izenburua duela, datu hauek sartuko dira: Izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia.
Lanak aurkezterakoan kartazal bakoitzari sarrera zenbaki bat emango zaio, A eta B kartazalentzako zenbaki bera izango delarik, egilea identifikatu ahal izateko.

6.- Lanak aurkezteko epea: Abuztuaren 31a baino lehen.

7.- Aurkezteko lekua:
Lekeitioko Udaleko Euskara Zerbitzua
Gamarra 1
48280 Lekeitio
Bizkaia
Tel. 94 603 41 00
Ordutegia: 9:00etatik 14.00etara.

8.- Saria: Aukeratutako logoaren egileari 250 euroko saria emango zaio.

9.- Burutzapen teknikorako aldaketaren bat beharrezkoa balitz, epaimahaikideek aldaketa horretara behartu ahal izango dute.

10.- Kalitate plastikoaz gain, islatu gura den Euskara zerbitzuaren ideia kontuan hartuko dute epaimahaikideek.

11.- Epaimahaikideek saritutako lana Lekeitioko Udalaren jabetza izatera pasako da eta horren gaineko eskubideak, lana ustiatzekoak, alegia, Lekeitioko Udalaren Euskara Zerbitzuaren esku geldituko dira doan eta esklusiboki.

12.- Epaimahaiak saridunik gabe utz lezake lehiaketa, logoek gutxieneko maila teknikorik ez balute. Hala balitz, balio ezaguna duen artista edota enpresa bati agindu ahalko zaio logoa egitea.

13.- Epaimahaia Lekeitioko Euskara Batzordea izango da.

14.- Epaimahaiaren erabakia 2006ko irailaren 20an emango da jakitera.

15.- Lehiaketan aurkeztu eta saririk jaso ez duten lanak Udaletxean jaso ahalko dira, irailaren 21etik urriaren 31 bitartean. Epe hau iragan eta gero batu ez diren lanak Udalaren esku geratuko lirateke eta honek egoki ikusten duen erabilpena egin ahalko die. Edozelan ere, jasotako lanen maila altua izanez gero, Udalak erakusketa antolatzea erabaki lezake. Hala balitz, egileek erakusketa amaitu arte ezingo lukete lana jaso.

16.- Lehiaketa honetan parte hartzen duenak goian aipatutako oinarri-arauak onartu beharko ditu.

Informazio gehiagorako: euskarateknikaria@lekeitio.com
Tel. 94 603 41 00

Erantzunak

Beatriz Anitua
2006-07-20 : 16:26

Oso ideia ona iruditzen zait

Eñaut
2006-08-09 : 13:16

Bai, niri ere ooooooso ideia ona iruditzen zait, bai jauna: logotipo (?) lehiaketa (?), "afizionatu zein profesionalei" zuzendua, 250 euroren truke.



Hau da, "dohainik lan egidazue, eta gehien 'gustatzen' zaidanari propinatxo bat emango diot bere iruditxoaren truke".



Horrela ezin da jokatu, are gutxiago Udaletxe baten kasuan.



Bestela, egizue froga: Argiñano, Subijana eta Arzak gonbidatu lehiaketa batetara, ea nork prestatzen dizuen afaririk onena, eta irabazleari 250 euro eman.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago