Teknologia albisteak

Berbalagun egitasmoa martxan dago Lea Artibai eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia
Beatriz Anitua - Lea Artibaiko AEK
2006-07-06 : 11:07

Berbalagun egitasmoa Lea Artibai eskualdean



Dagoeneko abian jarri da Berbalagun egitasmoa Lea-Artibai eskualdean. Egitasmo honen helburua, euskaldun zahar eta berriak euskaraz hitz egiteko kontaktuan ipintzeaz gain, kultur arteko harremanak lantzea eta euskaldun berrien integrazioa lortzea da. Horregatik esan daiteke egitasmo honek ezaugarri desberdin bat duela: Euskal Herriko eskualderik euskaldunagoa denez gero, euskaldun berriak, oro har, etorkin berriak dira. Beraz, beste egitasmoetan ez bezala, kultur trukaketa eta komunitate hartzailean integrazioa euskararen erabilerarekin uztartzen dira.

Berbalagun egitasmoaren bidez, talde edo bikoteak sortzen dira, euskaraz hitz egiteko, era natural batean: paseoan, mendira irteerak eginez... eguneroko bizitzan egiten ditugun gauzetan parte hartuz, alegia. Talde bakoitzak zer egin eta noiz batu erabakitzen du. Honetaz aparte, eskualdean antolatzen diren edozein kirol, kultur nahiz gizarte ekintzak aprobetxatzen dira, Berbakideek bertan parte hartzeko, aipatutako kultur trukeak eta integrazioa bideratzeko asmoarekin.

Bestalde, eta euskaldun zaharrei begira, kontzientzia hartu behar dute hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko ahalegina ez dagokiola hona bizitzen etorri denari bakarrik. Gizarte osoari dagokio, ahalegin kolektiboa da.

Momentu honetan lehendabiziko pausoak ematen bagara ere, Ondarroan talde bat sortu da jada eta zenbait ekintzetan parte hartu du. Hemendik aurrera, eta batez ere datorren ikasturteari begira, askoz ere lagun gehiago batuko direla espero dugu.

Berbalagun egitasmoa AEK-k sortu du, eragile hauen laguntzarekin: Lea-Artibaiko zeinbait Udal (Ondarroa, Lekeitio, Markina-Xemein, Berriatua eta Etxebarria), Lea-Artibai Amankomunazgoko Inmigrazio saila, eta Lea-ArtiBAI EUSKARARI kultur elkartea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, aipatutako eragileengana jo edo telefono hauetara:

Lekeitioko euskaltegia 94 684 28 69
Ondarroako euskaltegia 94 613 40 21

Naroa Leon/Beatriz Anitua (Berbalagun Egitasmoaren dinamizatzaileak Lea-Artibain)

Erantzun

Sartu