Erabiltzaile gehienok gero eta pantaila handiagoekin nabigatzen dugu
Denbora tarte luze batez, Internet erabiltzaile gehienon pantailaren bereizmen edo erresoluzioa 800x600-ekoa izan da. Pantaila gehienak 14-15 hazbetekoak ziren, eta bereizmena, neurri horren araberakoa.
Azkenaldi honetan, baina, gero eta ugariagoak dira pantaila handiagoak eta bereizmen hobeak. Informatika dendetan edo merkatal zentru handietan begiratzea besterik ez dago. Etxean, lanean, liburutegietan... gero eta arruntagoak dira 17 edo 19 hazbeteko pantailak, eta ondorioz, bereizmen handiagoak.
Sustatuzaleon artean
Sustatu irakurtzen duzuenon artean hauxe da azken hilabeteko bisiten laburpena, zuen pantailaren bereizmena kontuan hartuta:
1024x768: %53.92
800x600: %24.70
1280x1024: %11.26
1280x800: %3.58
1152x864: %2.39
1440x900: %0.87
1680x1050: %0.79
1280x960: %0.55
1600x1200: %0.37
Hau da, lau erabiltzailetik batek dauka, gutxi gorabehera, 800x600eko bereizmena. Erdiak 1024x768koa. Eta beste laurdenak hori baino handiagoa.
Estatistika hori aldatu egiten da webgunearen arabera. Neurri batean, zenbat eta webgune "teknologikoagoa" izan, bisitariak ere halaxe izaten dira, eta ordenagailua ere hobea. Hala ere, inguruko beste hainbat webguneren estatistikak kontsultatuta, aldea ez da handia. Euskal internauten %60-70 inguruk, 1024x768 edo bereizmen handiagoa erabiliz nabigatzen du.
Ehuneko hori, gutxi gorabehera, antzekoa da Europa eta Ameriketako erabiltzaileen artean. Hemen beste adibide bat
Eragin zuzena webguneen diseinuan
Erabiltzaileen pantailek izan duten aldaketa horrek eragin zuzena izango du datozen hilabeteetan webguneen diseinuan. Izan ere, orain arte, 800x600 bereizmen hori hartzen zen oinarritzat webgune baten zabalera zehazteko orduan; halaxe daude webgune gehienak. Baina erabiltzaileen artean izan den aldaketa ikusita, webgune garatzaile eta diseinatzaileak hasi dira dagoeneko gai horri jira-bueltaka, eta 1024x768 bereizmenaren alde egiten.
Oraindik ere badira zenbait zalantza, baina aldaketa egun batetik bestera gertatuko da. Ziurrenik, urtebete barru, ez da eztabaida eta zalantzarik izango. Aldaketari esker, orrialde bakoitzean informazio gehiago eta argiago erakutsi ahal izango dute diseinatzaileek.
Hedabide handiak hasi dira, dagoeneko, aldaketa egiten. Lehenengoetarikoa CNN izan da (eta oraingoz sarrera-orria bakarrik), baina ez da azkena izango.
Erantzunak kargatzen...