Heldu den uztailaren 12an iraganen den Kanbo-Paue Frantziako Itzuliaren etaparen abiatze kari, Euskal kultur erakundeak animazio bereziak antolatzen ditu bezperan. Besteak beste, Kanboko itzulia txirrindulaz eta bertsotan egiteko parada izanen da.
Ekimen berezia
Aurten beraz, Frantziako Itzulia Kanbotik iraganen da. Karia hortara, Euskal kultur erakundeak euskal kulturaren inguruko ekintzak antolatuko ditu. Kanbo-Paue etaparen abiatzea uztailaren 12ko eguerditan izanen da baina animazioak bezperan, uztailaren 11n, 17:00an hasiko dira.
Aitzakia horrekin, EKE-k deneri irekia izanen den "Bertsulari-Tour" itzulia antolatu du. Lau bertsolarik parte hartuko dute : Igor Elorza eta Unai Iturriaga Bizkaitarrak, Iñaki Gurutxaga Gipuzkoarra eta Amets Arzallus Lapurtarra.
Herriko Etxean eginen den ongi etorriaren ondotik, taldeak herria txirrindulaz zeharkatuko du, hiru tokitan geldituz azalpen batzu bertsotan entzuteko : bat Michel Labéguerie harrixutaren ondoan (San Josepe parkean). Michel Labéguerie euskal kantagintza berriaren aita eta Kanboko auzapeza izan zen. Beste geldialdia Grancher behatokian eginen da eta azkena Xikito pilotari famatuaren etxean. Bi kilometroko ibilaldia Kanbo-Behereko pilota plazan eginen den bertso saioarekin bukatuko da. Karlos Aizpurua izanen da gai-emailea.
Oihartzun handiko gertakari famatua
Arratsaldea Patxi eta konpainia-rekin bururatuko da. Alabaina, 20:30etatik goiti euskal dantzen ikasteko parada izanen da San Josepe parkean.
Bestalde, ekain hastapenaz geroz, "Euskal Herriko Aurpegiak" euskarria Kanbo erdi-erdian dagoen Frantziako Itzuliaren gunean bisita daiteke. Gainera, "Euskal Herria Joan-Jinean" bideo-klipa ikusten ahalko da Turismo Bulegoan uztail hasieratik goiti. Bi tresna horiei esker, bisitariak Euskal Herriko geografia, historia, hizkuntza eta kultura hobeki ezagutzen ahalko ditu...
Animazio guzi horiek euskal kultura ezagutzera emanen da oihartzun handiko gertakari famatu batean.
Xehetasun gehiago
Erantzun
Sartu