Teknologia albisteak
1

Picasa Web Albums, zure argazkiak online jartzeko aplikazio berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2006-06-30 : 17:06

Googlek tresna berria aurkeztu du oraintsuan: Picasa web album, argazkiak gorde, antolatu eta erakusteko aplikazioa. Oraindik test bertsioan, baina dagoeneko Flickr-i konpetentzia egiteko prest.

Azkenaldi honetan sekulako arrakasta lortu du Flickr aplikazioak, argazkiak antolatu, konpartitu eta erakusteko online aplikazioak. Antzekoa da Picasa Web Album aplikazio berria, oraingo honetan Googlek sortua, berau ere argazkiak sarean jartzeko eta konpartitzeko tresna.

Yahoorena da Flickr. Sekulako arrakasta lortu du denbora gutxian, eta mundu mailan argazkiak gordetzeko dagoen aplikazio ezagunenetakoa bihurtu da. Horri aurre egiteko sortu du Picasa Web Album Googlek.

Hala ere, Flickr erabiltzaileok pentsa dezakeguna baino merkatua askoz zabalagoa da. Estatistika batzuen arabera, argazkiak sarean jarri eta trukatzeko tokien artean, Photobucket da lehena, merkatu tasa handi batekin, eta Flickr 5. dago %6ko kuota batekin.

Googleren apustua

Lehendik ere bazuen Googlek argazkiak antolatzeko Picasa tresna, norbere ordenagailuan instalatu eta bakoitzak bere argazkiak antolatzeko, editatzeko, eta abar. Oraingoan, berrikuntza txiki batzuekin, ordenagailuan duzun aplikazio horretatik sarera igo daitezke argazkiak, eta online konpartitu eta ikusi.

Flickr ezagutzen duenarentzat, ez du sekretu handiegirik Picasa Web Album delakoak. Googlek egiten dituen aplikazio guztiak moduan, azkarra, arina, erabilterraza eta ahaltsua, horiek dira bere abantaila nagusiak. Argazkiak konpartitzeko aukerak ere ugari. Oro har, Flickr-en antzeko tresna, beharbada aukera gutxiago dituena, baina dituen horiek errazagoak eta arinagoak.

Oraindik test bertsioan dago, eta ezin da zuzenean registratu. Eskaera egin behar diozu Googleri eta zuretzat tokitxo bat dagoenean, gonbidapena bidaliko dizute. Marketing hutsa, jendearen irrika pizteko.

Beste alde batetik, Google lehia honetan sartzearekin, zalantzatxo/polemikatxo bat ere piztu da Flickr-en API-aren irekitasunarekin. Ea zabalik jarraitu behar ote duen, haren bidez kontu bateko argazki guztiak lehiakide baten kontura pasa badaitezke... API bat konexio automatiko bat da, web zerbitzuen artean bateko datuak beste batera transferitzeko. Tagzaniak, adibidez, badarabil Flickr-en API-a, baina irudien lauki txikitxoak erakusten ditu bakarrik erreferentziatutako lekuetan, ez da argazkiaren kopia konpletoa egiten. Baina, berez, aukera legoke beste garatzaile batek API-aren erabilera zurrupatzailegoa egiteko, hori da koxka.

Oraingoz, erreminta hau erabiltzeko, derrigor beharko duzu Gmail kontu bat eta derrigor beharko duzu Picasa programa zure ordenagailuan. Googlek mundua dominatzeko daraman ibilibidean, beste urrats bat.

Picasa web album

Erantzunak

Sustatu
2006-07-04 : 13:33

Hauexek dira, Alexaholic aplikazioaren arabera, une honetan, argazkiak online gorde eta erakusteko gehien erabiltzen diren aplikazioetako batzuk


Erantzun

Sartu