Parte hartu nahi duten gazte euskaldunek gaurtik abuztuaren 31ra arte bidal ditzakete euren zirriborroak. Lehiaketaren buruz burukora heltzen diren hamar taldeak irailaren 16an lehiatuko dira Tolosan, herriko hamar horma margotuz. Haien artean 1.200 euroko hiru sari, eta Kalitatea sari berezi bat ere banatuko dira.
Euskararen erabilera areagotzeko lanean dabil TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioa. Gazte Sailak, besteak beste, gazteen aisialdi eta kultur beharrei erantzuteko, asteburuetan.com gazte programa garatzen du. Programa horren bitartez, TOPAGUNEAK euskara erabiltzera animatu nahi ditu gazteak, haien gustuko jarduerak euskaraz antolatuz. Halaxe nabarmendu du TOPAGUNEAren Haur eta Gazte Saileko arduradunak, Sonia Pérez Anguerak.
Hirugarren edizio honen buruz burukoa Tolosan egingo da, irailaren 16an, herriaren 750. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan. Zalantzarik gabe, lehiaketa aukera paregabea da gazteek ere herriaren urteurrenaren ospakizunetan zuzenean parte har dezaten.
Lehiaketaren nondik norakoak ere azaldu ditu Sonia Pérezek: parte hartu nahi dutenek horman margotuko duten graffitiaren zirriborroa aurkeztu behar dute lehenengo eta behin, eta horretarako epea abuztuaren 31n amaituko da.
Aurkeztutako zirriborro guztien artean aditu talde batek hamar lan aukeratuko ditu, eta horien egileek irailaren 16an margotuko dituzte aurkeztutako zirriborroak, Tolosan. Hamar graffiti horien artean, lau sari banatuko dira iluntzean egingo den jaialdian: 1.200 euroko hiru sari, (teknikaren erabilpen egokiena, koloreen erabilpen egokiena eta graffiti original eta freskoena), gehi Kalitatea sari bat, Eusko Label duten hainbat produktuz osatutakoa. Soniaren hitzetan, antolatzaileok buru-belarri ari gara lanean, eguneko programazioa ahalik eta erakargarriena egin ahal izateko. Jaialdiaren inguruko xehetasunak irailaren hasieran emango dituzte.
Aurreko edizioetan bezalaxe, oraingoan ere TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak antolatu du lehiaketa, Tolosa 750. Urteurrena Fundazioaren eta Galtzaundi Euskara Elkartearen lankidetzaz, eta honako hauen babes eta laguntzaz: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Kutxa, Tolosako Udala, Fergasor eta Kalitatea Fundazioa.
Informazio gehiago jasotzeko eta zalantzak argitzeko ondoko zenbaki eta helbidera jo:
Erantzun
Sartu