bihotz bakartien klubak ARRAKALAK errezitaldia azkenengoz emango du. Baina zuzenean egin izan duguna sarean jarri dugu.
EGUNA: Ekainak 15
LEKUA: Zaldibarreko eskolako aretoa
ORDUA: 20:00
Bihotz bakartien kluba 2001eko neguan sortu zen, Larrabetzuko HORI BAI gaztetxeak urtero antolatzen dituen gabonetako ekitaldien karietara. Orduko hartan, Iñigo Aranbarrik Joseba Sarrionandiaren obrari buruzko hitzaldia eman behar zuela-eta, Larrabetzuko Aintzinak, Etxahunek, Gorkak, Gotzonek, Guluk, Iñakik, Mari Felik, Patxik eta Urik, Sarrionandiaren testuekin beren beregi egun horretan jaio eta hiltzeko irakurraldia prestatu genuen. Ostera, handiusterik gabeko emanaldi hartara joan ziren batzuek euren herrietara joateko gonbitea luzatu ziguten eta guk, gure amei ondo ikasiak izaki, ez genuen ezetz esaten jakin. Sarri gure artean bataiatu genuen poesia errezitaldi haren ostean Poeta hilen kluba eta Zakil Alu Hori! atondu genituen; guztiak ere, guk idatzi ez genituen testuak itzuli eta gutartuz. Eta halan ibili ginen herriz herri, gaztetxez gaztetxe, kultur etxez kultur etxe, harik eta 2004ko otsailean taldekide batek Arrakalak deritzon liburua kaleratu zuen arte:
Aspaldiko asmoa gauzatzera batu ginen kukubiltxotarrenean, 2006ko apirileko 22 eta 23etan. Atea jo eta barrura sartu ginen Aintzina, Alex, Aritz, Edorta, Etxahun, Gotzon, Iñaki, Joseba, Leire, Marifeli, Mitxel, Mugar, Oto eta Uri. Ordura arte egundo grabazio baten parte hartu bakoak ginen gehienak. Eta hori igarriko duzu; baita Pog mo thon taldeko lagunek euren entsegu lokalean grabatu zutena Itzalitako argi bakoitzeko. Bejondeiela. 40 lapurren miresle ere bagarenez Joseba Sarrionandiari eta Roque Daltoni besapetik ebatsi dizkiegu Como tu eta 13.gutuna. Gartzelan esnatzea testuak. Ruper Ordorikari ikasitako Baltsean, askoz ederrago Ez da posible diskoan aurki zenezake. Jakin dakigu Jose Luis Otamendiren Aberriaz zelan ahaztu poema entzutean, guri legez, harrokeria barka eske hasiko zaizuna. Eskerrak Otori eman. Bertso berriak arrakalei jarriak Unai Iturriaga eta Igor Elortzak idatzi zituzten. Bihotz bakartien klubekoon trobadore estimatuenak dira.
2001ean poesia errezitaldiak egiten hasi ginenetik gu ikustera etorritako guztiei, gure etxekoartekoei, lagunei, hurrekoei, eta batez ere etsaiei, urteotan gure berbak esatera eroan gaituztenei eta poesiazaleei begirunea eta esker ona adierazteko ahalegina da CD hau. Hauxe da 2004ko azarotik 2006ko ekainera bitartean herriz herri egin duguna. Kopiak doan banatzeko egin ditugu. Zeuk be bardin egin. Izan ere, bi aukera izango dituzu ARRAKALAK zabaltzeko:
Erantzun
Sartu