Teknologia albisteak

Mitxelena! Yoda! RSS feed edo jario batean ere bazaudete!

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez - Eibar.org
2006-05-19 : 10:05

Aurrerapausua eman du Berriak RSS feed-ak jarriz Berria.info berrituan. Eta, oro har, egunerokoaren eduki gehienak Internetera eramanez. Hala ere, info-yonki sendaezin batzuek zerbait faltan somatzen genuen, eta sortzea besterik ez zitzaigun geratzen: Zaldi Eroraren De Rerum Natura komikiaren RSS feed edo jarioa.

Sustatun jarri genuen Yoda, Xaxa, Zaldieroa, denok zeundetela orain Interneten, baina ez da egia. Juan Kruz Lakasta falta, eta serio demonio, ez testu ez irudi... Tira ba, eta gero, egunero De Rerum Natura bisitatzeko ere, zelako lanak, portada ikusi, iritzira joan, han klikatu... lotura zuzen finko bat ez, faboritoetan gordetzeko!

Baina bueno, urrats bat gehiago eman dugu batzuek! Zaldieroaren RSS feed edo jarioa sortu dugu. Horretara apuntatu (feed irakurgailu batekin), eta taka, egunero tira nire pantailan, zintzo. Irudipen bat, Bloglines-eko orri honetan aurkituko duzue.

Eibar.org elkartearen tripetatik egina dago trukoa. Aurretik ere, estilo zaharreko Berria.info-ri sortua genion jarioa, hemen azalduta dagoen bezala.

Zaldi Eroaren komiki tirarenak irakurlerik kendu barik, gehiago eman diezaizkion Berriari, ideia bat izan zitekeen orain komikilarientzat dauden orri soil eta huts horiek (horra Zaldi ale bat, edo Zakilixut, edo Montxorena ) hornitzea, irakurleen erantzun edo iruzkinekin, edo publizitatearekin, Berriak izango luke etekina ateratzea horri Interneten, bai horixe.

Serio Demonio eta igandetako beste eduki gehigarriak Interneten izatea ere ona litzateke. Baina hori ez dago feed bat asmatzetik etorriko.

Terminologiari dagokionez, feed esateko jario proposatu genuen behinola batzuek gune honetarako, eta badirudi bidea egin duela horrek, baina, tira, Mitxelena XVI.aren agiduetara gaude.

Erantzun

Sartu