Teknologia albisteak

Irati Jimenezek irabazi du Augustin Zubikarai Saria

Erabiltzailearen aurpegia
Euskara Zerbitzua - Ondarroako Udala
2006-05-12 : 19:05

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa Irati Jimenez idazle mundakarrak irabazi du bosgarren deialdian, Bat, bi, Manchester lanari esker. Berak jasoko ditu sariaren 4.500 euroak eta urrian kaleratuko du eleberria Elkar argitaletxeak, Augustin Zubikarai zenaren omenezko lore-jokoekin batera.

Hala erabaki zuten epaimahaia osatzen zuten hiru idazleek: Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Xabier Mendiguren Elizegik.

Bat, bi, Manchester maitasun ezinezko baten kontaketa da nolabait ere: maitasunagatik Manchesterrera joan zen gizonezko gazte euskaldun bat da kontalaria, lanbidez itzultzailea, homosexual aitortua eta idazle izan nahi lukeena. Bere maiteak alde egin ostean, beste mutil euskaldun batekin banatuko du apartamentua: Aitor, bizitzan dena erraza izan zaion tipo guapoa... baina heterosexuala. Adiskidetasun estu bat sortuko da bien artean, baina desira bete ezinaren itzala sumatuko da uneoro.

Nobelan badira beste gai eta pertsonaia batzuk ere, idazlanari sakontasuna eta aberastasuna ematen laguntzen dutenak.

Irati Jimenez Mundakan jaio zen, 1977an, eta Barakaldon bizi da gaur egun. Edorta Jimenez idazlearen alaba. Kazetaritza ikasi zuen eta lanbide horretan dihardu EITBn ordezkapenak eginez. Liburu bat egina du orain baino lehen: Malcolm X haurrentzako biografia, Txalaparta argitaletxeak plazaratua.

Aurreko urteetako irabazleak

Augustin Zubikarai idazle handiaren izena daraman nobela laburren lehiaketa honek bosgarren deialdia du aurtengoa.

  • Lehenbizikoan Alberto Ladron Arana iruñearrak irabazi zuen "Xake Mate" nobelarekin,
  • bigarrena hutsik geratu zen,
  • hirugarrena ex-aequo banatu zen Fernando Morilloren "Gloria Mundi" eta Iñaki Irasizabalen "Burua txoriz beterik"-en artean,
  • eta laugarrena Julian Peñak eskuratu zuen "Apologia" lanarekin.

Augustin Zubikarai VI. Saria

Seigarren deialdirako obrak aurkeztu litezke dagoeneko, Ondarroako Udaleko euskara zerbitzura bidalita 2006ko abenduaren 1a aurretik.

Erantzun

Sartu