Ostegunetik aurrera BERRIA berri bat izango da kioskoetan. Betikoa, baina era berean eraberritua eta berritzailea. Xedea, beste kazeta eredu bat egitea. Beti ere irakurleak informatzea izanik ardatza, oraingoan gertatutakoa kontatze hutsa baino haratago iritsi nahi dugu: irakurleei gertatutakoa ulertzen lagundu nahi diegu. Bide horretan, egunkariaren egitura tradizionala alde batera uztea ebatzi dugu. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari eta Joxean Lizarribar EKTko lehendakariak asteazkenean Bilboko Kafe Antzokian egingo den ekitaldian azalduko dituzte BERRIA berriaren nondik norakoak.
Aurkezpen ekitaldia 20:00etan izango da, Bilboko Kafe Antzokian. Kulturgintzako, euskalgintzako eta politika nahiz sindikatu munduko eragileak izango ditugu gurekin. Eta noski, bertara hurbildu nahi duen edonor, ateak guztiontzat irekiak egongo baitira.
Martxelo Otamendik, batik bat, berrikuntzak zertan datzan azalduko du. Alde batetik, kazetaritza interpretatiboagoa egingo dugula, hausnarketan oinarritua egingo dugula azalduko du. Baina berrikuntza hori baino alor gehiagotara iristen da, eta hori ere izango du hizpide.
Izan ere, kazetaritza eredu britainiarra gogoan, periodikoaren egitura ere goitik behera aldatuko da. Orain arteko sailen egitura itxia alde batera utzi, eta hemendik aurrera albisteak euren garrantziaren araberako hurrenkeran antolatuko ditugu; ekonomiako albistea baldin bada egun horretan inportantzia gehien duena, hori izango da egunkariko lehenengo albistea.
Bestetik, EKTko administrazio kontseiluko lehendakari Joxean Lizarribarrek ere hartuko du hitza. EKTren ibilbideaz eta hemendik aurrerako erronketaz hitz egingo digu.
Guztiok zaudete gonbidatuta BERRIA berria ezagutzera. Gogoratu, asteazkenean da hitzordua, 20:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.
Erantzun
Sartu