Sarean dago Gipuzkoako Dantzak, Gipuzkoako dantzei buruzko informazio zabala, argazkiak, bideoak, azalpen historikoak, deskribapenak, eta dantza horiek hobeto ezagutzeko eta dantzatzeko material argigarria eskaintzen duen webgunea.
Dantzaren entziklopedia multimedia moduan antolatuta dago webgunea, eta hiru hizkuntzatan, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, irakur daiteke bertan Gipuzkoako Dantzei buruzko informazio zehatz eta didaktikoa.
Bideoen bidez dantzak gauzatzen ikusteko aukera dago, eta horrez gain dantza horien argazki eta doinuekin Gipuzkoako Dantzetara hurbiltzeko tresna aparta eskaintzen du webgune honek.
Hona hemen helbidea: http://gipuzkoa.dantzak.com/
Gipuzkoako dantzen webgune hau orain urte batzuk Portugaleteko Elai-Alai Fundazioak hasitako bidean urrats berri bat da. Lehen urratsa Bizkaiko dantzen webgunea izan zen, eta Gipuzkoako webgune" hau da bigarrena.
Egitura didaktikoa
Dantza tradizionalen osagai guztiak hartu dira kontuan Gipuzkoako Dantzak gunea sortzerakoan. Honela, oinarri-oinarrizko osagaiak jasotzen ditu, alegia, urratsak. Gipuzkoako dantzetan erabiltzen diren 44 urrats desberdin jaso eta deskribatuta daude, eta urrats bakoitza nola egiten den ikusi ahal izateko bideoa dago azalpenaren ondoan.
Behin urratsak ikasita, urrats horiek elkar-lotzeko ariketa sorta bat eskaintzen da, Juan Inazio Iztuetak 1824an argitaratu zuen liburuan jasotako sistema pedagogiko bera erabiliz. Ondoren, urrats eta ariketa horietan oinarrituta dantzatu daitezken 20 dantza zehatz mehatz azaltzen dira gunean.
Dantza horietako bakoitza egiteko behar diren urrats eta argibideez gain, jantziei buruzko azalpen eta argazkiak, erabili beharreko tresnen (makilak, ezpataka, e.a.) deskribapenak eta erabiltzeko moduak, koreografiaren azalpenak, doinuak, historia eta deskribapen teknikoa eskaintzen dira.
Gipuzkoa herriz-herri
Gipuzkoako herri askotan egiten diren dantza komunak (Brokel-dantza, soka-dantza, ezpata-dantza,...) dira gunearen zati nagusia betetzen duten dantzak. Baina, horiez gain, badira herri bakoitzean egiten diren dantza bereziak. Horien guztien katalagoa ere jaso da Gipuzkoako Dantzak gunean. Herri bakoitzean zein dantza tradizionala eta noiz egiten diren aurkitu ahal izango da bertan.
Lantalde zabala
Portugaleteko Elai-Alai Fundazioaren ekimena da Gipuzkoako Dantzak webgunea. Proiektua bultzatu eta bideratzeaz gain, koordinazioa ere Elai-Alai fundaziotik egin da Elgoibarko Haritz dantzari taldearekin elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren onespena jaso du proiektuak eta berak eskainitako babesarekin bideratu da lana. Ikerfolk elkarteak dantza tradizionalei buruz bildutako dokumentazioan eta egindako ikerketa lanetan oinarritu da lan osoa.
Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldea arduratu da Gipuzkoako dantza hauek plazaratu eta bideoan grabatu ahal izateko moduan eskaintzeaz. Goizaldi dantza taldeko Iñaki Gordejuela dantza maisuarekin hezi ziren Gipuzkoako dantzen disziplinan Elgoibarko dantzariak, eta ondoren Juan Antonio Urbeltz-ek gidatzen duen Ikerfolk elkartearen babesean, Argia dantzari taldeko dantza maisuekin joan dira sakontzen dantza horien ezagutzan. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Iñaki Arregi, Fernando Aristizabal eta Jexux Larrea dantza maisuek zorroztu dute azken urteetan Elgoibarko dantzariek Gipuzkoako dantzetan duten ezagutza. Horiekin batera, Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari Taldearen formakuntza prozesuan lan handia egiten duten maisuak izan dira Jose Inazio Sarasua, Lurdes Odriozola, Jon Lizarralde, Abel Iriondo eta Mikel Legorburu.
Elgoibarko Haritz taldeko dantzariez gain beste hainbat dantzarik parte hartu dute grabazio lanetan. Debako Gure-Kai, Añorgako Arkaitz taldeko dantzariek, Eibarko Kezka eta Ermuko Txindurri dantza taldeetako kideek ere parte hartu dute lan honetan. Bideo grabazio eta argazki sesioetan parte hartu duten dantzari bakarlarien izenak dituzue jarraian: Mikel Legorburu, Garikoitz Otamendi, Jon Lizarralde, Ainhoa Larrañaga, Abel Iriondo, Jokin Otamendi, Josu Garate eta Oier Mendiola.
Musikari dagokionez Jose Inazio Sarasuak zuzentzen duen Elgoibarko Udalaren Txistulari Bandako kideak arduratu dira dantzei doinua jartzeaz.
Proposamen irekia
Gipuzkoako dantzen inguruko lan honek ez du arauemailea izateko asmoarekin sortu. Webgune honetan aurkituko diren dantza-moduak tradiziozko dantzen alorrean luzaroan egindako bilketa eta ikerketa lanen emaitza dira, eta horietan oinarrituta proposamen moduan aurkezten dira. Zorionez Gipuzkoako dantzen tradizioa zabala eta anitza da, eta aniztasun horren erakusgarri da honako proposamen hau.
Gipuzkoako Dantzak zenbakitan
Kaixo!!
Bizkaiko herri txiki batetako dantza talde bateko kidea nahiz.
Dantza taldea nahiko txikia de eta ez dakizkigu dantza asko, horregaitik sartu nintzen sarera euskal dantzen bideoak aurkitzera eta gipuzkoa.dantzak eta bizkaia.dantzak aurkitu nuen. Bizkaikoak, baten bat, deskargatu ahal izan dut baina gipuzkoakoak bat ere ez, eta ez dakit zergaitik.
Lagundu ahalko zenidakete??
Eta ba al dago beste web orririk Euskal Herri guztiko dantzen bideoak jeisteko??
Eskerrik Asko
Mail-era erantzutea eskertuko nizueke:
artiedantzataldea@hotmail.com