Sustatu logoa Teknologia albisteak

Zentral nuklear abandonatuak, eta Bergeneko fiordoa

Luistxo Fernandez - Tagzania
2006-04-24 09:04

Asteburuan irudi berrikuntza handia izan da Google Maps-en, detaile handia hainbat tokitara zabaldu da, Euskal Herriko bazterrotara ere bai. Adibidez, Txernobilen edo Lemoizen, zentral nuklear batzuk aipatzearren... Baina irudi berrikuntza harrigarrienetako bat etortzeko dago oraindik: Bergen hiriarena, Norvegian. Ez bereziki Bergen Gesaltza baino ederragoa delako (agian bai, gustuak gustu), baizik eta irudi horiek hiriko agintariek Googleri doan emango dizkiotelako baizik.

Googlek satelite bidezko irudiak zerbitzen ditu, baina eskualde batzuetan, detaile handiena ez da satelitezkoa, hegazkinetik atetarako ortofotografia baizik. Asteburu honetan, irudi berrikuntza handia gertatu da eta, ondorioz, Googleren irudietan oinarritutako zerbitzu batzuek ere erakusten dituzte detaile berriak. Euskal Herrian Tagzaniak bai, baina ez oraindik Bilbao.bi-k, azken hau ez baita oraindik APIaren 2. bertsiora egokitu. Ikus konparatzeko Sopelako hondartza batean eta bestean.

Euskal Herrian, erresoluzio berria duten eskualdeen artean hauek aurkitu ditugu guk:

  • Gasteiz eta Arabako Lautadako eta ekialdeko hainbat eremu, adibidez Gesaltza
  • Zuberoako zati bat (Altzürükü, Garindaine, ...)
  • Uribe Kosta Bizkaian (Gorliz, Sopela, Lemoizko zentral nuklearra izan behar zuena...)
  • Lapurdi hegoaldea, eta Nafarroako inguruak (Xareta, Senpereko aintzira , Urdazubi...)
  • Bortziriak eta Nafarroako iparraldeko beste inguru batzuk (Igantzi , Goizueta , ... )
  • Lizarrerria eta Iguzkitza Nafarroako hego-ekialdean (Lizarra, Aberin, Oteitza, ...)
  • Arabako hego-mendebaldea (Arabako Errioxa, Oion ...) eta ondoko Nafarroako eskualdea.
  • Bizkaiko ekialdeko zenbait eskualde, hala nola Enkarterrietako herri batzuk ( Balmaseda adibidez).
  • Iruñea eta inguruak lehen ere erresoluzio handian zeuden, baina orain akaso zertxobait hobea, eta berritua, behintzat: lehengo irudiak (iazko Sanferminetako zaurituak kokatzeko erabili genituenak, oraindik han bistan) ordezkatu egin dituzte.

Bergen-eko kasua

Irudi berrien artean, ez daude oraindik Bergen (Norvegia) hirikoak. Baina etorriko dira. Izan ere, blog honetatik jakin genuenez, bertako hiriko agintariek erabaki dute han daukaten detaile handiko ortofotoa Googleri doan ematea. Hortaz, laster erresoluzio handia izango da fiordo inguru horretarako.

Zergatik egin dute hori Bergenen? Interes ekonomikoagatik. Bisitak, turismoa erakarri. Zer modu hobe jendea komentzitzeko, zure hiria ederto agertzea Googlen eta beste hainbat tokitan...

Euskal Herrian ere aukera legoke horretarako. Donostia itsusi dago oraindik Googlen eta Tagzanian, baina Eusko Jaurlaritzak badu detaile handiko airezko irudia Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba osorako... Zergatik ez jarri irekian, publikoan, doan eman Googleri, eta beste guztiei? Ireki irudiok lizentzia libre batekin edo erabiltzeko erraztasun handiekin. Donostia horrela ikusiko litzateke orduan, eta irudi horiek, turismo promoziorako, Tagzaniarako, Bilbao.bi-ren klon koxkero batentzako, edo beste hainbat ekimenerako erabili ahal izango ziren.

Ez da dirurik kostako: ordainduta dago iruditeria aurrekontu publikoetatik.

Alderantziz: dirua errekaudatu egingo luke Jaurlaritzak, jarduera ekonomikoa sustatuz zerga gehiago bilduko lituzkeelako (aberastasun lokal apur bat sortuz, bide batez).

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu