Elhuyar aldizkariaren 1974tik 1979ra bitarteko zenbakiak Interneten daude ikusgai
2006-04-20 09:04
Elhuyar Elkartearekin bateratsu sortu zen Elhuyar aldizkaria, 1974an. Urte hartatik 1979ra argitaratutako zenbakiak Interneten dituzue jada. Liburuxka txiki eta horixka zen sasoi hartako aldizkaria eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSBAP) zientzia-gehigarri modura argitaratu zen.
Orduko lanak sortu bezala jaso ditugu; zenbakiak osorik hauta daitezke, edo artikuluka, gero inprimatu, gorde edo, besterik gabe, ikusi eta aztertzeko. Aldizkariak eta artikuluak http://www.elhuyar.org/elhuyar_aldizkaria/ eta www.zientzia.net web guneetan dituzue. 2005ean martxan jarritako proiektu honen asmoa da bi-hiru urteren buruan zenbaki guztiak sarean jartzea, denon eskura.
Proiektu honekin, segida eman nahi zaio Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariarekin ekindako bideari. 2001ean, Zientzia.net web gunea sorterarekin batera, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zenbaki guztiak Interneten jartzen hasi ziren. 2005eko apiriletik sarean daude Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian orain arte argitaratutako eduki guztiak.
Bazuen Elhuyarrek bestelako ondarerik ere,ordea, eta gaur egungo Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren aitzindari izan zen Elhuyar hura sarean jartzeko lanari ekin diogu. Aldizkari hartan jaso ziren euskara zientifikoa garatzeko eta zientzia euskaraz zabaltzeko lehen ahaleginetako batzuk. Horrenbestez, ezin hobea izan daiteke tresna hau duela 30 urteko egoera zein zen eta Elhuyar nondik abiatu zen jakiteko.
Erantzunak kargatzen...