Yahoo Europako zuzendari izandako Javier Etxebeste nafarra, beste web proiektu batean murgildu da. Aste honetan egin da publiko bi ekintzaileren artean sortu duten start-up edo enpresa berriak, Opencage-k, informatikariak kontratatu nahi dituela Londresen.
2004eko abenduan utzi zuen Yahoo Javier Etxebestek. 2005ean, aholkularitza enpresa sortu zuen Bilbon, Business and Media, Juanjo Baños kazetariarekin batera (Deia-ko zuzendari ohia). Interneteko ekimen batzuetan ere azaldu izan da aholkulari gisa, adibidez Musicstrands-en (sorburua nolabait Bilbo eta Bartzelona artean duen ekimena da hau).
2006an hasi duen ekimen berri honek izen ezkutua du oraingoz. Hala adierazten da Opencage-ren webgunean. Proiektuaren bultzatzaile nagusiak Javier Etxebeste eta Ed Freyfogle dira, azken hau Yahoo Europako bilaketa injinerutzako buru ohia. Freyfogleren lagun baten blogean aurkitu dugu Opencage-ren albistea, eta Opencage.co.uk webgunean, Javier Etxebeste hortan dabilela.
Informatikariak behar dituztela esaten du lan eskaintzak, eta lan horien ezaugarriak definitzen dira (lana, ezinbestean, Londresen), baina negozioaren muinaren berri ez da zehatz ematen: "Industria sektore handi baten atzetik goaz, lehia gogorra eta diru asko dagoen alorra. Ez goaz gogokoenak gordetzeko beste tresna bat egitera", diote webgunean.
Inbertsore pribatuak dituzte, eta ez omen daude diru faltan.
Erantzun
Sartu