Teknologia albisteak

Greba sarean: Gara.net itxita, eta zenbait ohar beste gune batzuetan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2006-03-09 : 10:03

"Gaur ez dugu egunkaririk kaleratu eta edizio elektronikoa ere geldirik egongo da", dio Garako langileen oharrak Gara.net webguneko sarreran. Portada mutu egon arren, barruko orriak han daude atzoko azken eguneraketarekin. Grebaren beste zantzu batzuk ere ageri dira Interneteko euskal esparruan.

Bi blogari euskaldunen oharrak aurkitu ditugu: Xabier Mendiguren Elizegirena eta Patxi Gaztelumendirena. Gaztelumendik dio, Greba dela eta, blog honetan gaur ez da beste ezer idatziko, ez irakurriko. Une honetan, irakurtzeko ez dirudi arazorik dagoenik, behintzat.

Agerkari digital euskaldunetan, Berria.info irekita dago (eta egunkaria ere kaleratu da gaur). Gaztesareak berriz egun osoko greba egingo du, baina zerbitzu minimoak mantenduko ditu mobilizazio egunaren berri emateko.

Hitza egunkari euskaldun lokalak, berriz, ez dira paperean kaleratu. Webguneak irekita daude, baina azken eguneraketak martxoaren 8koak dituzte, eta, kasu batzuetan grebari buruzko oharrekin:

  • Tolosaldekoan, langileek greba egin dute.
  • Urola-Kostakoan eta Goierrikoan inprimategiko grebagatik kaleratu ez direla diote.
  • Irutxuloko Hitza langileek zehazten dute bi orduko lanuztea eta egunkari murriztua kaleratzea erabaki zutela, baina azkenean inprimategikoagatik, egunkaririk ez dagoela.
  • Oarsoaldeko Hitzak ez dauka grebari buruzko oharrik Interneteko bere lehen orrian.
  • Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza eta beren webgunea 11Barri greban daude, langileen erabakiz.

Greba blogosferan jarraitzeko, bilekata eguneratua Technoratin.

Erantzun

Sartu