Teknologia albisteak

Baxenafarroaren astea Durangoko Plateruenean

Erabiltzailearen aurpegia
Asier Iturriaga - PLATERUENA Kafe Antzokia
2006-02-28 : 09:02

Plateruena Kafe Antzokia euskara eta, oro har, kultura bultzatzeko espazio legez sortu zen. Munduko hamaika bazterretako bisitariak izan ditugu bertakoez gainera, baina askotan gertatu ohi denez, kanpokoaren berri gehiago izan ohi dugu geureaz baino. Euskal herritarrok elkar hobeto ezagutzeko premia eta plazera izan behar dugulakoan, Baxenafarroara begira jarri gara, noiz eta inauteri sasoi honetan: Baxenafarroaren astea izango da Plateruenean martxoaren 1etik 4ra (Durangon).

Geure apalean, egungo Baxenafarroaren isla izan daitezkeen zenbait gai aurkeztu gura izan ditugu, alor sozio-politikoa, gastronomikoa eta kulturalaren zenbait printza agerraraziz. Bide batez, Durangaldeko jendea baxenafarrekin elkarlanean jarri gura izan dugu hartuemana bi norabidetakoa izan dadin. Hauxe da osatu dugun programa:

Martxoak 1: Iluntzeko zortzietan, Mixel Berhokoirigoinen hitzaldia. Berhorkoirigoin, ELB nekazal sindikatuko kidea da eta iaz sortutako Laborantza Ganbarako lehendakaria.

Martxoak 2: Iluntzeko zortzietan, Mizel Bergouinianen eskutik Irulegiko arnoen dastaketa. Bergouinian Irulegiko Sotoko arduraduna da. Berarekin, Elorrioko Mikel Garaizabal sommelier ezaguna izango da.

Martxoak 3: Donibane Garaziko Ikus eta Ermuko PAM taldearen kontzertua. Ikusek programazioa elektronikoak, metala eta popa nahasten ditu.

Martxoak 4: “Libertimendua”. Ehun lagunetik gora biltzen dituen inauterietako ikuskizuna da, Zuberoako maskaradak legez, dantza, musika, antzerki satirikoa eta bertsolaritza uztartzen ditu. Durangoko Igor Elorza eta Unai Iturriaga bertsolariak eta KRISKITIN Dantza Taldeko dantzariak izango dira beraiekin. Santa Ana plazatik eguerdiko ordu batean abiatu eta Plateruenean bukatuko da. Honen ostean bazkari herrikoia egingo da eta bertara durangaldeko eta munduko herritar guztiak gonbidatuta zaudete. Txartelak Plateruenean bertan daude eskuragai hamabost eurotan.

Elkar ezagutu dezagun eta elkarrekin gozatu dezagun. Biba festa!

PLATERUENA Kafe Antzokia (Durango)

Erantzun

Sartu