Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ikasbil euskara-ikaslearen atari berria

Eskarne Lopetegi - HABE
2006-02-16 08:02

Ikasbil atariak, batetik, orain arte sakabanaturik zeuden euskara-ikasleentzako zerbitzuak interface bakar batera bildu ditu, eta, bestetik, euskaltegi eta ikasleei baliabide egokiz hornitzeko bitarteko arin eta dinamikoagoak eskainiko.

Atari honetan, euskara-ikasleak ikas-baliabide ugari aurkituko ditu bilatzaile eraginkor baten bidez, ikasleak bere beharren arabera aisa eskura ditzakeenak. Egun, 8.000 eduki didaktikotik gora daude atarian (idatziak, entzungaiak, bideoak, ariketak, sekuentziak…), denak irizpide didaktikoz katalogatuak (euskara-maila, helburu didaktikoa…) eta on-line egiteko moduan jarriak.

Horrezaz gain, euskara-ikasleak bere ikas-prozesuan baliagarri izango zaizkion bestelako baliabideak ere aurkituko ditu, HABEk berak sortu edo bideratuak, eta baita euskara-ikasleen komunitateak berak sortuak ere, hala nola, irrati-nobelak, denbora-pasak, ipuinak…

Atari honek informatu ere egingo du: euskaltegien eskaintzaz, deialdien ezaugarriez, matrikulazio epea… Eta euskarazko kultur emanaldi eta ekintzen berri ere emango du atariak, euskara-ikasleak bere beharrak direnak direla erabateko zerbitzua jaso dezan.

Atari osoa software librea erabiliz garatu da (Apache, MySQL, Jetspeed) eta mmbase eduki kudeatzailea erabiliz eguneratzen da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu