Teknologia albisteak

Puzzletek, puzzle teknologikoen jokoa

Erabiltzailearen aurpegia
Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa
2006-02-15 : 09:02

Joko berri bat ekoitzi du Elhuyar Fundazioak: Puzzletek. Ordenagailurako joko didaktikoa da, bereziki 12-16 urteko gaztetxoentzat aproposa. Hainbat puzzle egin behar ditu jokalariak: biribilak batzuk, karratuak beste batzuk, edo hutsunedunak, edo trukatzekoak... Teknologiari eta, batez ere, energiari buruzkoak dira puzzleen gaiak. Bideoak eta 3Dko animazioak erabili dira DVD hau egiteko.

Ordenagailuaren pantailan puzzleak osatzea da, bada, abiapuntua. Baina puzzleak osatzeaz gain, hainbat informazio ere ematen du DVD honek. Puzzletek-eko gaiak teknologiari buruzkoak dira, energiaren gainekoak batik bat: energia-motak, energia-kontzeptuak fisikaren ikuspegitik, energia elektrikoa sortzeko sistemak industria eta ingurumenaren ikuspegitik aztertuta... Gai horretaz gain, beste hainbat ere lantzen ditu puzzleak: gizakiok hegan egiteko asmatu ditugun tresnak, hasi antzina-antzinako saioetatik eta gaur eguneko azken espazio-ontziak bitartekoak, urpekaritza, eta abar luze bat. Puzzle bakoitza bukatzean, gaiari buruzko informazio labur bat ematen du, bideoen eta 3D-ko animazioen bitartez. Nahi izanez gero, ematen diren azalpen teknologikoak, geografikoak, historikoak... irakurri eta inprimatu ahal dira. Bi ahotsek ematen dituzte azalpenak. Horiek entzun eta gero informazio gehiago jaso nahi bada, kontzeptu-mapa batekin egin daiteke informazio-bilaketa. Nahi izanez gero, jolasten jarrai dezake jokalariak, , erabiltzailearen esku baitago DVDan zer egin erabakitzea.

Erantzun

Sartu