Teknologia albisteak
2

Atxaga-Eremulauak afera

Erabiltzailearen aurpegia
Beñat Sarasola - eremulauak.com
2006-02-15 : 10:02

Kontua argitu beharra zegoen. Ohar txiki batzuekin hasi zena puzten joan da denboraren poderioz eta gauza okertzen hasi baino lehen, behin betiko azalpen bat eman beharrean gaude.

Izan ere, Atxagaren azkeneko liburuaren (Lekuak izenekoa) aurkezpenaren karietara, Atxagak plagiatu egin ote gintuen galdetzen genion geure buruari. Berriki, Xabier Olarrarekin edukitako elkarrizketan berriz plazaratu da gaia. Atxagak Eremulauak plagiatu ote du?

Hori da azken aldian gehien entzuten ari naizen galderetako bat. Ez dira asko, zorionez, baina ni nor naizen ezagutzen dutenek kalean geldiarazten naute kontua argitze aldera. Badakit Gorkari ere antzeko zerbait gertatzen zaiola. Pasa den astean, urrutira joan gabe, Atxaga-Eremulauak aferari buruz zer nekien galdetu zidan autobusean nire ondoko eserlekuan jesarri zen emakumeak. Atxaga-Eremulauak afera, halako deitura omen du dagoeneko gustu txarrekoa den broma honek.

Argitu dezagun, bada, kontu malapartatu hau. Hasiera batean, Atxagak plagiatu ez gintuela esan banuen ere, azken presioen ondoren, aitortu behar dut...

Nik, Lekuaken aurkezpenera joan nintzelarik, Atxagari kargua hartzeko aprobetxatu nuen. Eremulauakeko Lekuak berea baino lehenagokoa da eta Atxaga Atxaga dela badakigun arren horrek ez du esan nahi gu plagiatzeko eskubiderik duenik. "Tira, Bernardo, esan egia, plagiatu egin al gaituzu?" Halako irribarre ironiko bat egin baina ez zidan berehalakoan ez baiezkorik ez ezezkorik eman. Bere umetako istorio bat (Asteasu ta ez dakit zer) hasi zen kontatzen orduan. Egia esateko, ez nuen sobera ulertu, baina antza denez, kontakizuna alegia bat zen eta ingurukoen zein idazlearen beraren keinuek aditzera ematen zutenez, alegiaren bitartez Atxagak plagioa aitortzen zuen. Hala ere, kontua ez zen horretan geratu. Atxagak hizketan jarraitu zuen isildu gabe, plagioaz (jakina da Atxaga plagiozale amorratua dena) eta beste zenbait kontuen inguruan. Denok ezagutzen dugu Atxagak duen erretorikarako erraztasuna; bada, zuzenean hori eskatu gabe, bere plagioa ez salatzeko konbentzitu ninduen.

Denborak ematen duen hoztasunarekin, Atxagak esan zizkidan hitzen liluramendutik libro, eta batez ere, jendearen artean sortu den jakin-min hori dela-eta, iruzur hau salatzea egokitzen zaidala uste dut. Eremulauakekook, haatik, ez dugu Atxaga epailearen aurrera eramateko inolako intentziorik, guk ez baitugu web gune honen bidez dirurik erdiesteko inolako pretentsiorik. Ez, garbi geratu dadila, gure guraso, anaia, arreba, lagun eta enparauekin nahikoa dugula bizitzan aurrera egiteko, eta bestela, beti geratzen zaigu EHU eta bere gisa guztietako bekak (zenbat diru alferrik galtzen den letretan, jainkoarren!). Esan behar dugu, momentuz, konformatzen garela Atxagak Nobel Saria jasotzera joaten denean Eremulauaken kamiseta (ordurako izango ahal ditugu!) baldin badarama soinean ikusgai. Ez dugu gehiago eskatzen, Bernardo.

Erantzunak

zalacain
2006-02-15 : 11:01

>Baina, zertan datza plagio hori, zein da afera? aklaratu apur bat, mesedez.

gorka
2006-02-15 : 22:13

Aupa Zalacain (abentureroa?). Kontua da eremulauak.com atariak aspalditik zuela LEKUAK izeneko atal bat, eta Atxagak liburua kaleratu zuenean, ba... ba hori...

Erantzun

Sartu