Sustatu logoa Teknologia albisteak

Libre da azkenean Bilboko metroan argazkiak egitea

Sustatu
2006-02-10 09:02

Zerrenda euskaldun batean jakinarazi denez Bilboko Metroko langileek instrukzioak jaso dituzte, ez aurrerantzean inori eragozteko argazkiak egitea. Lorpen polita: polemika ere bazebilen sarean debeku absurdo horrengatik, eta Flickr-en debekatutako argazki piloa ere bai.

Jabi Zabalaren Sarean.com blogean atera zuen kontu hau duela aste batzuk. Debekua kritikatzeaz gain, ebidentzia bat ere aipatzen zuen Zabalak: kasu zipitzik egiten ez zioten argazkilariak egon bazebiltzala, baita Flickr-en antolatuta ere.

Ondoren, gaztelaniazko blog batean ere azaldu zen kexua.

Baina protestak azaldu diren tarte honetan, Metro Bilbao erakundean aldaketak ere izan dira, eta EITBn lan egiten zuen Julio Ibarra kazetaria da orain Metro Bilbaoko komunikazio arduraduna. Beharbada, argazkilariekin eta internautekin hobeto konpontzea komunikazio politika hobea dela ikusi du Ibarrak.

Ea beste toki publiko batzuetan ere argazki debekuak gainditzen diren. Bilbon bertan, diru publikoak (eta sarrera bakoitzeko txartelak) ordaindutako Guggenheim museoaren barruan hau bezalako argazkiak egitea debekatuta dago.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu