Teknologia albisteak
7

Writely, sareko testu editorea, praktikan

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Goñi "Sei" - IKTeroak, Ordiziako Jakintza ikastola
2006-02-09 : 08:02

Zer da Writely? Sarean, online, funtzionatzen duen testu editore bat. Ordiziako Jakintza ikastolako IKTeroen artean, Maite Goñi Seik ederki azaldu du nola funtzionatzen duen hemen eta haien blogeko lizentziari esker hona ekarri dugu bere testua.

Zer da writely? Writely online editore bat da. Edozein testu editorek eskaintzen dituen aukera guztiak emateaz gain (hizki mota, tamaina, kolorea, ebaki, itsatsi…), ondorengoak ere eskaintzen dizkigu:

  • Ez daukazu ordenagailuan ezer instalatu beharrik, erregistratu soilik.
  • Zure artxiboak writelyn gordeta gelditzen direnez, interneteko konexioa dagoen edozein tokitatik sar zaitezke lanera (ez daukazu diskete edo pen batean kopiatzen ibili beharrik).
  • Momentu eta dokumentu berean pertsona ezberdinek lan egin dezakegu (word-ean, esaterako, ezinezkoa dena).
  • HTML, .doc eta .txt artxiboak igo ditzakegu (500 k baino txikiagoak). Baita .gif, .jpg eta.bmp irudiak ere (2 Mb baino gutxiagokoak).
  • Egindako aldaketen historiala gordeta gelditzen da (nork egin dituen aldaketak, noiz…)
  • Zuk erabakitzen duzu norekin partekatu nahi duzun dokumentua (50 erabiltzaile gehienera) eta postaz gonbidatzen dituzu parte hartzera. Gainera, norekin partekatzen ari zaren ikusten da.
  • Dokumentua pribatua mantendu edo publikoa egin dezakezu.

Ez dut honetan gehiegi luzatu nahi, beraz, eskaintzen dituen aukera gehiago hemen topa dezakezue.

Hasiera batean, jolaus, magic eta nik probatxo bat egin genuen . Hiruron artean artikulu bat idatzi genuen, gero hirutan argitaratua azaldu zena, bakoitzak gure blogarekin ordura arte izandako esperientzia baloratuz. Esperientzia oso positiboa izaki, gelara eramatea erabaki nuen ondorengo pausoak jarraituz:

1. Writely-n alta eman genuen denok (datuak bete, register sakatu eta, postaz mezua jaso ondoren, kontua berretsi).
2. Ikasle guztien posta helbideak jaso ondoren, gelaka dokumentu bana sortu eta ikasleak bertan parte hartzera gonbidatu nituen. Beraiek mezu bat jasotzen dute esteka batekin, esteka hori klikatuz dokumentuan sartzen dira.
3. Eta denok lanera!!

On-line testu editore hau bi lanketa ezberdin egiteko erabili dut: informatikako hainbat aplikazio itzultzeko (Webquestions 2.0 eta phpMyFAQ) eta denon artean istorio elkarreragile bat idazteko. Esan behar, balorazioa oso ezberdina izan dela bi kasuetan. Lehenengoan izugarrizko zailtasunak izan genituen eta, bigarrenerako, aldiz, oso aproposa suertatu zaigu.

Itzulpena egiteko, kate guztiak (esaldiak) writely dokumentu batean sartu nituen dokumentu osoa 8 zatitan banatuz eta ikasle bikote bakoitzari hainbat esaldiren itzulpenaren ardura emanez. Arazo larria izan genuen denok batera lanean aritzeko. Programak dokumentua etengabe eguneratzen du eta eguneratze horien ondoren kursorea dokumentu hasierara itzultzen du. A zer nolako zorabioa! Batzuk dokumentuaren hasiera aldean lan egiten ari ziren bitartean, besteak, erdialdean edo bukaeran geunden eta konturatu orduko, denok dokumentu hasieran amaitzen genuen!!! Denbora osoa gora eta behera, behera eta gora!!! Azkenean, bakoitzak bere zatia word-eko dokumentu batera pasatzen bukatu genuen eta, amaitzerakoan, nik writelyn denak bata bestearen atzean eransten. Ez oso praktikoa ikus dezakezuen bezala!!!!! Beraz, lanketa mota honetarako oso aproposa ez zela erabaki nuen. Writelykoei idatzi ere egin nien hori esateko eta badirudi (gaur goizean egin dut ikasleekin azken proba) jolausek aurrekoan adierazi zizkigun hobekuntzetan puntu hau sartu dutela. Egindako azken proban noizbehinka dokumentua gora eta behera ibili da, baina ez maiztasun handiz!

Bigarren kasuan, gauzak oso bestelakoak izan ziren. Hasteko helburua ezberdina zen, ez genuen denok batera lan egin nahi, bakoitzak, bere txanda errespetatuz, etxetik dokumentua ireki eta istorioaren bere zatia idatzi behar genuen. Gehienera jota, nik editatzen nuen dokumentua aldi berean ikasleren batekin edo kontakizunaren azken gorabeherak jakin nahi zuen beste ikasleren batek. Baina idatzi bakarrak egiten zuenez, ez zegoen inongo arazorik!

Aipatu, primeran pasa genuela istorioa idazten, bi egunez behin batek idazten zuen, nik zuzendu (gorriz jartzen nizkien egindako akatsak hurrengorako kontuan hartzeko eta irakurtzen zuten guztiek hausnarketa egiteko) eta horrela DBHO 2Ako 17 ikasleen artean istorio bat idatzi zuten eta 2Bkoek beste bat. Dena den, istorio elkarreragileen istorioa (broma da) beste baterako utziko dut (guztiz interesgarria alde guztietatik…).

Amaitzeko, writely-ren inguruan mordoa idatzita dagoela esan beharra daukat. Beraz, norbaitek informazio gehiago nahi badu, jo Aulablog-eko artikulu honetara eta bertan erreferentzia interesgarri ugari topatuko duzue.

Ah! Ahaztu egin zait esatea ez dagoela euskaratua (ingelesez dago). Erabiltzeko ez dago inongo arazorik oso intuitiboa delako, baina euskaraz askoz hobeto legoke. Animatuko al gara itzultzera??

Erantzunak

euskaliritarra
2006-02-09 : 13:57

Zuen erreferentziak sorturiko jakin-minak bultzatuta probatu dut eta... BIKAIN!

Dokumentua errez sortzeaz gain (lehen minutuan "ekoizten zabiltza jadanik) lankideekin edo lagunekin konpartitzeko era xamur-xamurra dauka.

Eta Blog batean argitaratzeko... di-da batean! Bakarrik behar duzu klabeak gogoratzea eta eginda!

Sistema bikaina eta erreferentzia oso ona: eskerrik asko bidea irekitzen joategatik IKTeroak!!!!

......................

Zer da Writely? Sarean, online, funtzionatzen duen testu editore bat. Ordiziako Jakintza ikastolako IKTeroen artean, Maite Goñi Seik ederki azaldu du nola funtzionatzen duen http://ikteroak.blogsome.com/2006/02/07/writely/">hemen eta haien blogeko http://creativecommons.org/licenses/by/2.0/">lizentziari esker hona ekarri dugu bere testua.



jolaus
2006-02-09 : 23:17

Eskerrik asko zuri, eskaini diguzun arretarengatik. Horrelako animuekin aurrera jarraitzea erraza da.

Maite Goñi
2006-02-10 : 01:33

Mila esker eskaintzen diguzuen arretagatik, horrela lan egitea oso erraza da! Ah! Hurrengo mezua, istorio elkarreragileei buruzkoa, sustatuko lagun batzuek emandako ideietatik sortua da. Oraintxe data begiratu dut eta iazko maiatzaren ingurukoa dela ohartu naiz. Artean, ez nuen ideia handirik blog bat zer zen eta zer onura ekar zezakeen. Zenbat aldatu diren ordutik gauzak! Egia esan, praktikan jartzen ari naizen hainbat esperientzia hemendik bultzatutakoak dira, beraz, gune ezin hobea da hau ideia horietatik ateratakoa denokin partekatzeko !!!

Iñaki
2006-02-10 : 10:01

Neuk ere erabili ohi dut online egindako doktorego-ikastaroetako kideekin lanak burutzeko; 14 urteko alabak ere baliatu du writely ikaskide batekin ikastolako lan batzuk bideratzeko. Bi esperientziak onak izan dira.

Xabi
2006-02-11 : 03:22



Kaixo lagunok!! Maitek abian jarritako istorio elkarreragileen proiektuan parte hartu duen ikasleetariko bat nauzue.



Zer esango dizuet Writely-ri buruz??? Bada, sekula izan dudan esperientzia politenetakoa izan dela, gomendagarria zinez, eta oso oso entretenigarria. Sekula ez nuen pentsatuko ikasleen gela oso bat (kolpe zorririk ez jotzera ohituak daudenak barne) horrela konpenetra zitekeenik literaturaren arloan. Egiatan, idazteko gogo handia piztu du writely-k gure artean, idazle artean ikusi dut neure burua. Oso esperientzia polita izan da, eta emaitzak merezi izan du inondik inora!! Istorioa zoragarria atera da, lanean gozatu dugu, eta hori gutxi balitz, gure emaitzak ere hobeak izan dira (nota altxatzeko ere balio izan digu istorioaren idazketak).



Laburbilduz eta Maitek berak artikuluan ongi asko dioen bezala, primeran pasatu dugu ikasleok Writely-n barrena: zerbitzu azkarra, osatua, segurua eta oso erakargarria; ikasle orok probatu beharrekoa!!

txerra
2006-02-12 : 12:59

Zorionak Maite,

Zure azalpenak irakurri ondoren, lagun batekin probatzera animatu naiz. Egia da, oso erabilgarria iruditu zait.Berehala ikasleekin probatzeko asmoa dut.Horrelako zerbaiten bila nenbilen ez nuen horrelako baliabiderik ezagutzen eta.

Asko gustatu zait ikaslearen ekarpena irakurtzea. Zorionak berari ere.

irati&enara
2006-02-13 : 12:36

Pozten gara writelyn egindako gure lanak horrelako erantzuna izatea. Hala ere, onartu baharra daukagu hasiera batean nahiko ezkor geundela Maiteren teknologia berri hauekin, koaderno eta arkatzera ohitutako ikasleak gara eta. Baina segituan gustua hartu genion programa sinple honi eta parre ederrak bota genituen klasekoek batera lan eginez. gainera esperientzia honek beste gai batzuetarako ere balio izan digu, batez ere beste gaietako taldekako lanetarako. Gonbidatuta zaudete progama hau erabiltzera!!!!!!

Erantzun

Sartu