Non dago telebista "share" euskalduna?
Larunbatean irakurri genuen oharra Berrian: Mihiluze telebista saioak, bere lehen emanaldian ETB1 katean, %5.2ko share edo batez besteko audientzia izan zuela. Baina, horra nobedadea, euskaldunen artean, %16.1ekoa izan zen share hori. Duela aste batzuk, Wazemank-en emanaldi baten harira, antzeko oharra irakurri nuen Berrian: share orokorra, eta euskaldunen share-a. Kontua da... Non dago share euskaldun hori?
Telebista kateen arteko datuetan, share orokor horien berri askotan jakiten dugu, baina share erregionalak, EAEri dagokiona, adibidez. Kontrol erakunde neutralek egiten dituzte neurketa horiek, eta datuak ez dira ezkutatzen. EITB berak egunero argitaratzen du ikusle kopuru eta portzentaia Eitb24 atarian: egun jakin batean, EITBren datuak onak izan ala ez, berdintsu jokatzen dute.
Baina euskaldunen share hau? nondik elikatzen da, eta non daude datuak? Share orokorraren sistema berak neurtzen du euskaldunen partea? eta, hori baldin bada kasua, neurketa sistemak etxe jakin batzuetan dauden neurgailu zehatz batzuetan duelarik oinarria, zer nolako laginak definitzen du euskaldunen unibertsoa? ...
Berriak argitaratzen dituen ohar horiek, EITB-n bertan izango dute jatorria, pentsatzekoa denez. Noizbehinkako ohar horiek eskertzen dira, eta, hortik aparte, inork ezer gehiago argituko baligu, irakurle eta teleikusle euskaldun batzuek ere eskertuko lukete.
Erantzunak kargatzen...