Teknologia albisteak

Blogak.com, bloga euskaraz libreki sortzeko beste plataforma bat

Erabiltzailearen aurpegia
CodeSyntax - Blogak.com
2006-01-30 : 14:01

Duela gutxi ireki da Blogak.com test fase labur baten ondoren. Bizpahiru urratsetan, alta eskatu eta bloga sortzeko euskarazko plataforma berri bat da. Blogari gutxi bertan oraingoz, baina harpidetza merezi duen bat edo beste bai, bederen: Katixa Agirre edo Patxi Petrirena, kasu.

CodeSyntax enpresak Bitakora blog softwarearekin sortutako blog komunitate bat da. Bizpahiru urratsetan, bloga edonork euskaraz sortzeko tresna bat gehiago, euskarazko Interneteko panoraman. Blogak.com sortu den bezala, softwarea jaitsita beste garatzaile batzuek ere sor ditzakete halakorik, doakoa eta librea baita Bitakora.

Bloga di-da batean sortzeko plataformetan, Blogari.net izan zen lehena iazko azaroan. Baleikek Zumaian urtarrilean irekitako blog komunitatea herri bertako blogentzakoa da, baina tankera bereko sistema automatiko batekin sortzen da bloga. Beste ekimen bat dator orain plazara, eta ez da azkena izango: sortuko dira gehiago blogosfera euskaldunean.

Test egiten ibili gara gonbidatutako lagun batzuekin. Gauza batzuk ondo dabiltza, eta beste batzuk erdipurdi. Konponduko ditugu, eta espero dugu garapenean aurrera modu irekian egitea, posta-zerrenda ireki bat sortu baitugu erabiltzaileei zalantzak argitzen laguntzeko.

Test huts horiez aparte... ez dago eduki askorik oraingoz Blogak.com-en. Sinadura interesgarri parea, bai, behintzat, hasi dira Blogak.com-ekin lanean, eta bertan izango dute bloga aurrerantzean: Patxi Petrirena itzultzaile eta filologoak Solasturi ireki du (iaz La Coctelera-n blog erdi-ezkutu interesgarria izan zuen martxan, Igorringo ), eta Katixa Agirre idazle gasteiztarrak Blogger-Blogspot-etik ekarri du bere bloga, eta izen berri batekin abentura berria hasi du.

Erabiltzaileen esku egongo da, jakina, edukia. Plataformaren konpromisoa da, eduki hori benetan haien esku dagoela: blogari batek nahi duenean bere edukia berreskuratu, klik batean jaitsiko ditu eduki guztiak (kudeaketa interfazean du aukera), ez dira gatibu geratuko zerbitzarietan.

Erantzun

Sartu