Teknologia albisteak
6

Eibar.ORG-ek ematen du Berriaren RSS jarioa

Erabiltzailearen aurpegia
Eibar.org
2006-01-20 : 10:01

Batzuek bazekiten, baina beste askok ez. Hala ere, Firefox 1.5 euskarazkoan, Berriaren titularren RSS-a berez integratuta egoteak lehen planora ekarri du kontua, eta gauzak azaldu beharra dago: Eibar.ORG-ek ematen ditu Berria.info-ren RSSak, bai, baina bakarrik Berriak berak eskaintzea erabakitzen duen arte.

Hainbeste denbora pasa ondoren, ez dugu ulertzen zergatik jarraitzen duen Berriak RSSak eskaini gabe.

Izan ere, testu honetara Firefox-en menu aukera baten bidez edo jario irakurgailu baten bidez iritsi bazara, jakin ezazu Eibar.ORG Elkarteak sortutakoa dela zerbitzua, Berria.info-ren eguneroko albisteetan oinarriturik.

Zergatik egiten duen Eibar.ORG-ek hau?

  1. Beharra genuelako. Berria medio interesgarria eta jarraitu beharrekoa delako, eta jarraipen egokia egiteko RSS jarioa behar zelako. Behar pertsonal bat beraz, abiapuntu.
  2. Berriakoak konbentzitu nahi ditugulako hau dela bide egoki eta indartsua, beraien edukiak ahal den gehien zabaldu eta indartu daitezen. Ereferentziazko medioa izan nahi badute eman beharreko urratsa delako.
  3. Zerbitzu publiko bat emateagatik. Beste erabiltzaile batzuk ere interesatuta egongo direlakoan.
  4. Jarioa dugunetik gehiago bisitatzen dugulako Berria.info, egunero eta ordu desberdinetan gainera! Berria.info-ko zerbitzariko estatistiketan azalduko da Bloglines , seguru!

Zergatik gehitzen dugu egunero gure propaganda?

Arazoa azaleratu nahi dugulako. Ez dugu nahi jendeak pentsatzea "Berriak ematen du jarioa" eta horrela gelditu, lasai. Berriak eman beharko luke zerbitzu hau.

Nork pikatzen ditu titularrak egunero?

Inork ere ez. Sistema automatiko bat da, ordubetean programatutakoa, iturria irakurri eta jarioa ematen duena.

Helbidea zergatik ez da publikoa?

Erdi-publikoa da. Ez genuen Berria-ko inor haserretzerik nahi. Gu ez gara edukiaren jabe, eta horregatik ez dugu publiko egin. Baina Bloglines erabiltzen duen edonork badaki hor dagoela, eta Firefox 1.5 euskaraz instalatu duen edonork ere badaki. Horregatik pentsatu dugu publiko egitea:

Berria.info RSS

Noiz bukatuko da zerbitzu hau?

Berriak bere jario propioak eskaintzen dituen egunean.

Erantzunak

3ARRANO
2006-01-20 : 11:22

Eskerrik asko, Berriako albisteak RSS bidez jasotzea oso garrantzitsua da euskaldunontzat. Ea Berriak berak egiten duen lan hori.



Egia esan nik ez dut erabiltzen, Berria hasierako orri bezala daukadalako.



Aurki-n jartzeko asmorik baduzue?

Gari
2006-01-20 : 11:25

Aurki-n jartzeko asmorik baduzue?


Orain arte ez, erdi-sekretua zelako eta ez zelako iturri ofiziala, eta Berriakoak bultzatzeko ere ("Aizue! hemen zuena falta da!"), baina gauzak horrela jarraitzen badu azkenean erabaki beharko dugu Aurkin jartzea.


etxekalte
2006-01-20 : 14:27

Nik bilaketa plugin bat garatu nuen Firefoxerako Berriaren artikuluetan bilatzeko (plugina hemen daukazue beste bilaketa plugin askorekin batera). Bueno ba mail bat bidali nien kontua aipatzen eta esanez bere orrialdean eskeini ahal zutela plugin hori. Oraindik erantzunaren zai nago...

Jozulin
2006-01-21 : 13:38

Ez dauka zerikusirik baina oraintsu arte quick-time behar zen "Kutsidazu" adibidez ikusteko eta orain real-player behar da... Niri behintzat real-player oso deserosoa egiten zait...

Ibon
2006-01-23 : 01:20

> Noiz bukatuko da zerbitzu hau?

>

> Berriak bere jario propioak eskaintzen dituen egunean.



... kontuz! ... zuen RSS jarioa bajan emon baino, Berriaren jariora berbideratu beharko zenukete eta bide batez Firefox 1.5-aren itzulpena egiten dutenekin harremanetan jarri (Librezale), Firefoxen laster-marketan aldaketa egin dezaten ... kontutan hartu hainbat eta hainbat erabiltzailek jario hori Firefoxen bidez erabiltzen duela!

Eibar.ORG
2006-01-23 : 07:50

... kontuz! ... zuen RSS jarioa bajan emon baino, Berriaren jariora berbideratu beharko zenukete...


Bai, lasai. Berriak jartzen duen egunean egingo dugu hori. Pentsatuta geneukan, nahiz eta egun hori ez dakigun laster iritsiko den.


Erantzun

Sartu