Kontseilua, UEMA eta Mankomunitatearen arteko elkarlana Sakanan
2006-01-13 15:01
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitateak Bai Euskarari Ziurtagiria Sakanan sustatzeko elkarlanaren berri eman dute Etxarri Aranatzen. Prentsaurrekoan Kontseiluko ordezkaria, Aitziber Bergara, UEMAkoa, Miren Segurola, Mankomunitatekoa, Izaskun Razkin eta UEMAko Udalekoa, Juan Bautista Mariñelarena aritu dira.
Elkarlan honen garrantzia azpimarratu dute, lehendik egiten ari zen lana osatzera baitator, azaldu du Kontseiluko bozeramaileak, Aitziber Bergarak. Sakanan euskararen normalizazioa lortzeko beharrezkoak dira herritarren atxikimendua, entitateek urrats eraginkorrak egitea eta instituzioen eta euskalgintzako erakundeen lankidetza.
UEMAk, bere aldetik, horrelako proiektuak aurrera atera ahal izateko herritarren partaidetza ezinbestekoa dela adierazi du. Alferrik izango dira beste taldeen egitasmoak herritarrek ez badute beren erantzukizuna hartzen euskararen berreskurapenean, azaldu du UEMAko ordezkariak, Miren Segurolak.
Mankomunitateak 4 urte daramatza gizarte eragileekin lanean, horiek konpromisoen bidez euskararen normalizazioaren alde lanean aritzera gonbidatuz. Lankidetza hau garrantzi handiko beste aurrerapauso bat da gure zereginean adierazi du Mankomunitateko ordezkariak, Izaskun Razkinek.
Etxarri Aranatzen, 2006ko urtarrilaren 13an
Erantzunak kargatzen...