Teknologia albisteak
1

Anton Abbadia jasotzean esandakoak

Erabiltzailearen aurpegia
susanews - armiarma.com
2005-12-02 : 13:12

Bart, Anton Abbadia jaso zuen Susa literatura argitaletxeak armiarma.com atariagatik. Jende askoren aurrean -euskalgintzako aurpegi ezagunak ia denak- bere eskerrona agertu eta gogoeta eragiteko xedez, honako berba hauek bota zituen Mikel Elorzak.

Eskerrak, nola ez, Foru Aldundiari, sariagatik. Eta eskerrak gure alde egin dute epaimahaikoei.

Bereziki eskertu behar dugu hala Diputazioko bozeramaileek sariaren berri eman zutenean nola batez ere epaimahaikoen erabakiak, oraintxe irakurri duten horrek, esaten duena esan izana. Izan ere, guk orain arte formulatu gabe geneukan deklarazio programatikoa egina dago hor, eta beraz jakin dezatela saria bezala, horixe ere aurrerantzean erabiliko dugula gure burua aurkezteko. Zer zarete eta zein da zuen lana eta holakoak galdetzen dizkigutenean, horixe erantzungo dugu.

Eta eskerrik inportanteenak, dudarik gabe, armiarma.com egite eta armiarmak aurrerantzean egingo dituenak egitea ahalbidetu dutenei. Lankide guztiei eskerrak eta zorionak, lankideei eta zuzenean edo zeharka proiektu hauetan parte hartu duten guztiei, asko izan baitira.

Eta horien artean gogora ekarri behar ditugu proiektu hauek aurrera eramateko ezinbestekoak izan diren lankidetzak, euskal idazleenak, beren testuak argitaratzeko baimena eman digutelako, testuak pasatu dizkigutelako, itzulpenak, oharrak, zuzenketak eta iradokizunak egin dizkigutelako, eskerrak ere hainbat liburuzain eta artxibo arduradunei, materialak pasatu eta utzi dizkiguten partikularrei, materialak ukatu eta ezkutatu dizkigutenei, horietarik ere egon da, pizgarria delako gure lanerako, aurreko horiei edukiak lapurtu dizkieten lagunei, eskerrak ere erakunde eta elkartetako kideri; gure web orrialdeetan nabigatu eta disfrutatu dutenei.

Alegia, era batera edo bestera proiektu hau aurrera eramatea posible egin dutenei. gure adikzioa atsedenik gabe manten dezagun posible egiten dutenei. Izan ere, horixe da armiarma.com , hemen jada nahiko aldiz errepikatu denaren gainetik: gure bizioei, gure eroari aterabidea eamteko hautatu genuen modua.

Gure bizioen asebetetzeko, baina ez, hala ere, inozoa edo irizpiderik gabea. Ez baita halakorik izan. Eta hor kokatzen dugu, hain zuzen, saria. Sariak pozten gaitu, duda barik, gure ustez, guk hala ulertu nahi dugu, saritu delako gure lana, baina lana ezeze, lan egiteko modua ere bai, lana egiteko modua eta animoa.

Saritu da, gure ustez, armiarma.com-en bokazio publikoa. Kultur ondarea ondare publiko moduan ulertzen dugu guk, guztiona eta guztion eskuetan egon behar duen ondarea, eta horren alde dihardugu. Baita ekimen pribatuetatik ere. Diru publikoz finantziatzen diren ekimen pribatuetatik batez ere. Jabetza erregistroz betetako gizarte honetan jabetza publikoko espazioak behar ditugu, erregistratu beharrik gabeko domeinuak behar ditugu. Lehen ere badaude nahiko kandadu eta ezkututako material. Argitara atera behar dira. Horretan ari gara, ustez, eta hori da sari hau jasotzean sentitzen duguna.

Horretarako Internet tresna paregabea da, erabat aproposa, eta norabide horretan baliatu nahi dugu. Gure ondarea argitara ateratzeko eta denen eskuetan jartzeko. Ez, ordea, ondare horren errekuperazio hutsagatik.

Euskara Europako hizkuntza zaharrenetako bat delako ez dugu harro egon nahi. Harro egon nahi dugu euskara Europako hizkuntza modernoenetako bat izan daitekeelako. Hizkuntza eta bere kultur adierazpenak, literatura, XXI. mendean bizi daitezen nahi dugulako.

Mundura joateko, eta baita gure barnera begiratzeko. Gure ondarearen irakurketa berriak egin ahal izateko, irakurketa diferenteak egin ahal izateko. Bide berriak bilatzeko.

Bilaketa horretan, langintza horretan, sari hau lagungarri izango da, zalantzarik gabe. Aprobetxatuko dugu. Ea gure armiarmak bere pozoia zabaltzen jarraitzerik baduen.

Mila esker guztioi.

Informazio gehiago:

Argazkiak: Flickr gunean. Gipuzkoakultura.net

Prentsaren kronikak: Berria, Gara,

Erantzunak

Luistxo
2005-12-02 : 17:12

Patxi Gaztelumendik bere blogean kontatu du zer gertatu zitzaion sari ekitalditik gauez etxera itzultzean eta Goardia Zibilaren kontrola aurkitzean. Filologiaz jardun zuten!


Erantzun

Sartu