Eusko Jaurlaritzaren teknologia berriak izeneko dirulaguntzen dieialdia argitaratzea izugarri atzeratu da. Zergatik?
Atzerapena hori dela eta, euskalgintzako agenteen artean etsipena zegoen eta batek baino gehiago pentsatu zuen ez zela aterako HPSkoek deialdiari buruz galdetuta argibiderik ez zutelako ematen. Egoeraz jabetuta, aurreko batean orrialde hauetan esan zen bezala, Eusko Legebiltzarreko Aralar taldeak deialdi horren egoerari buruz hainbat galdera egin zizkion idatziz HPSri. Erantzuna atzen-atzen momentuan baina epeen barruan etorri zaio Aralarri eta juxtu deialdia Buletinean argitaratu den egunean. Kasualitatea? Galdera horien artean hauxe zegoen, deialdia argitaratzekoa bazen, zergatik atzeratu den argitaratzea. Hona hemen Kultura sailburuaren erantzuna, jakingarri izango zaizuelakoan.
'2003 eta 2004an, PESIren (Euskadi Informazioaren Gizartean Planaren) barruan, eta Plan horretako aparteko diruez baliatuz, “euskararen sustapena teknologia berrietan” dirulaguntza deialdiak egin ziren. Deialdi horietako emaitzen ebaluazioa egiteari ekin dio Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2005ean. Eta ebaluazio horrekin batera, informazioaren eta komunikazioaren teknologien eremuan jadanik euskaraz eginak dauden produktu eta lanabesen inbentarioa egiteari ekin dio aipaturiko sailburuordetzak. Inbentario hori egiteko teknologia berrien munduan euskarazko proiektuak burutzen ari diren enpresa eta elkarteekin lankidetzan ari da Hizkuntza Politikarako sailburuordetza.
Aipaturiko ebaluazioa eta inbentarioa egiteak hauxe du helburu: euskarari teknologia berrietan leku duin eta eraginkorra egite aldera, etorkizuneko jardunerako lehentasunak erabakitzea eta lehentasun horien arabera indartu beharreko proiektu eta ekimenak identifikatzea. Hori eginda, lehentasun horietara jarri nahiko genituzke dirulaguntzak. Izan ere, hori egin ezean, arriskua baitago dirulaguntzak efektu eraginkor handiegirik ez duten ekintza ugaritan barreiatu eta dirulaguntza horiei behar besteko etekinik atera gabe aritzekoa.
Ebaluazio eta inbentario hori egin ondoren, ez aurretik, kaleratu nahi genuen 2005eko dirulaguntza deialdia, irizpideak ebaluazio eta inbentario horien argitan ezarriz: hori izan da deialdi hau atzeratu izanaren arrazoia. Bi lan horiek egiteak, ordea, hainbat arrazoi dela medio, aurreikusitakoa baino denbora gehiago eskatzen du. Hilabete batzuk beharko dira oraindik hori bukatzeko. Horregatik erabaki dugu, irizpideetan oso aldaketa gutxi eginda bada ere, 2005erako dirulaguntza deialdia kaleratzea, 2005 urtea dirulaguntzei dagokienez galdutzat ez emateko.'
Deialdi honen berri duela egun batzuk eman genuen Sustatun. Epea irekita dago, adi.