Teknologia albisteak

BasqueLiterature.com aurkeztu da gaur

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - KMK
2005-11-28 : 18:11

Euskal literaturaren berri emaneteko lau hizkuntzatan, helburu horrekin jaio da gaur BasqueLiterature.com , Euskal Literaturaren Ataria.

www.basqueliterature.com webgunea aurkeztu dute gaur Donostian Marijo Olaziregik, Aiora Jakak (webmasterra) eta webgunearen sustatzaile den EIZIEko arduradunek.

Egileek adierazi dutenez, euskal literaturaren berri izan nahi duen ororentzat atari bateratu bat eratu nahi izan dute, batez ere Euskal herriaz kanpoko ikerlari, irakasle, irakurle, argitaratzaile eta abarrei begira.

Baina ez dute beste inongo ekimenik edo ahaleginik errepikatu edo ordezkatuko: haiek aurkeztu bai, eta estekak eskaini, kontestu orokor batean, eta nazioarteari begira, bereziki. Beste ekimen batzuen aipua ere egin dute atari honen bultzatzaileek gaurko aurkezpenean, hala nola ostegun honetan Abbadia Saria jasoko duen Armiarma proiektuarena.

Webgunea lau hizkuntzatan landu dute (euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez) eta hemendik aurrera ere bide horri jarraitu nahi diote. Euskal liburugintzaren azterketa bat, euskal literaturaren historia labur eta zehatza, euskal idazleen biografiak, eta literatur liburuen pasarteak aurkitzen ahal dira bertan, ia beti lau hizkuntza horietan.

Webgunea ongi osatzeko oraindik lan handia egin beharra aitortu duten arren, dagoeneko erreferentzia ona da www.basqueliterature.com euskal literaturaren munduan.

CodeSyntax enpresak diseinatu du gunea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz garatu da, batik bat.

Erantzun

Sartu