Euskararen Nazioarteko Egunean
2005-11-29 10:11
Bost milioi pertsonarengana iritsi nahi du Eusko Ikaskuntzak, Euskararen Nazioarteko Egunerako Interneten prestatu duen kanpainarekin.Jadanik euskosare.org web orrian zabalik dago kanpaina.
Ospakizuna Abenduaren 3an bada ere, EuskoSare web orrian azaroaren 22tik jarri da material osoa bisitarien aukeran. Abenduaren 4an balantzea egingo da, nahiz eta web orriak zabalik iraungo duen.
Euskararen gaineko AITORPEN bat jarri da irakurgai www.euskosare.org web orrian, beren atxikimendua azaldu nahi duten guztientzat irekita. Halaber, internautek testu txikiak bidal ditzakete, euskararekin lotuta beti.
Aipatutako web orri horretan, bestalde, entzungai jarri dira diskurtsu interesgarri batzuk, besteak beste Bernardo Atxaga eta Jesus Altunarenak, euskaldunon bizitzan euskarak duen garrantziaz ohartarazteko. Modu berean, ENE-ren inguruko zenbait testu historiko irakur daitezke..
Abenduaren 3an, berriz, SMS eta e-posta bitartekoekin kanpaina globala egingo da, honako mezu hau helarazteko: Eutsi euskarari! hizkuntza desberdinetan. Ekintza hau Euskal Herriko euskaldunek ez ezik baita kanpokoek ere egin ahal izango dute.
Ospakizuna modu desberdinez jarraituko da munduan. Esaterako, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean Euskara Astea antolatu dute eta abenduaren 2an ekingo diote, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. EuskoSareko Mintzabidea Komunitateak ere zenbait ekintza antolatu ditu.
Ospakizunarekin bat egin dute Euskosareko Irratia Komunitateko zenbait emisorak. Horrela, ENE-ren mezua Euskal Herrian ez ezik kanpoan ere dibulgazio berezia izango du. Helburua, euskarari buruzko aldarrikapenarekin bost milioi pertsonengana iristea da.
ENE-ren irudia ere sortu da, aurtengo edizioan eta hurrengoetan Eguna identifikatzeko erabiliko dena. Nestor Basterretxea euskal artista unibertsala izan da egilea.
Erantzunak kargatzen...