Gaur argitaratu da EAEko EHAA buletin ofizialean informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanak sustatzeko laguntzen deialdia.
EHAAn gaur agertu den ebazpena hemen.
Euskararen sustapenerako laguntzen deialdi nagusia ekainean irten zen, eta orduan nabarmen geratu zen teknologia berrien alorrik ez zegoela, Sustatun bertan jaso genuenez.
Azkenean, aste honetako gobernu bileran ebatzi zuen Jaurlaritzak 2005erako deialdi hori, egin egingo zela. Eta gaur irten da buletinean. 2005erako deialdia da, jakina, eta hiru asteko epea irekitzen da bihar eskabideak aurkezteko. Ebazpena noiz irtengo den, ez dakigu. Ekaineko dirulaguntzen deialdi hartan, euskarazko hedabideei dagozkiona, duela gutxi ebatzi da, eta abenduaren 1ean da argitaratzekoa EHAAn (hartu du bere denbora, beraz).
Alorrez alor, hauek dira laguntza jaso ditzaketen egitasmoak.
A multzoa: Euskararen ondarearen informazioa digitalizatu eta, aldi berean, zabaltzeko egitasmoak. (60.000 EUR)
B multzoa: Aisialdirako ekoizkinak: B1: Interneterako prestatuak (70.000 EUR); B2 Gainontzekoak (CDak, DVDak, e.a.) (20.000 EUR)
C multzoa: Internet-en bidez euskarazko zerbitzuak, baliabideak eta produktuak eta edukiak gizartera zabaltzeko egitasmoak. Hau da, erreferentziazko interneterako interfazeen antolaketa: zerbitzu anitzak eta balio erantsia eskaintzen dituztenak, komunitate birtualak sustatzen dituztenak eta etengabe eguneratzeko sistema dutenak. 2005 baino lehenago eratutako web guneen kasuan diru laguntzagai izan litezke 2005ean egin diren edota egitekoak diren berrikuntzak. (225.000 EUR)
D multzoa: Hizkuntzen teknologietan euskara integratzeko egitasmoak. (75.000 EUR)
E multzoa: Softwarea euskarara lokalizatzea edota euskaraz sortzea helburu duten egitasmoak. (150.000 EUR)
Guztira, 600.000 euro, iaz baino 900.000 euro gutxiago (ikus iazkoa konparatzeko). Esleipena nola egin zen, beste honetan.
Teknologia berrietan euskara sustatzeko dirulaguntzak luzatzeko aurtengo deialdia zergaitik zegoen egin gabe, eta hori zuzenduko ote zen galdetu zuen Eusko Legebiltzarrean Aralar taldeko parlamentari Aintzane Ezenarrok, Europa press agentziak zabaldutakoaren arabera, dirulaguntza hori eskainiko da, Kultura Sailak proposatuta, eta 600.000koa izango da (2004an baino 200.000 gutxiago, hala ere).
Berandu bada ere, urriagoa bada ere, ongi etorri dirulaguntza eta ea datorren urterako arreta gehiago jartzen zaion agintarien aldetik!