Txema Garcia-Vianaren hiru nobeletako protagonistak altxor bila dabiltza. Ohikoa dirudi. Baina badituzte ezaugarri berezi-bereziak: altxorra sakabanaturik dago eta alaba baten aitarenganako fideltasunak abiaraziko du altxorraren bilatzea.
Txema Garcia-Viana Kartxiren hiru nobelak daude historiako garai zehatz batean kokaturik: Triangelu Hautsia Bilintxen karlistadan, lehenbizi Gipuzkoan eta mamia Venezuelan; Balatza. Tximistaren Alaba berriz frankoen aurkako Orreagako erasoa baino lehen; eta Sei Lore azkenik joan den mende bukaerako Bilbo eta Afganistan hitsetan.
Baina nobela bakoitzaren kolorea desberdina da: Triangelu Hautsia kontakizun errealista samarra duzu, hegoamerikako mitoek zipriztintzen duten arren; Balatza ostera fantastikoa da funtsean (amaieran euskaldunak adiskidetuta erakusten ditu); eta Sei Loren nobela beltzen errealismo gordina dabil batik bat.
Nobela horietan altxorra bilatzen da beti: Triangelu hautsian Maria Mistel umezurtzak Martin Agirreberri medikua erabiliko du Basque pirataren altxorra aurkitu guran; Balatzak Aitorren makila du helburu; eta Julia Montilla Markos Gorriti detektibe mozkorraren bidez ahaleginduko da begien eritasunak sendatzeko erabil litekeen formula eskuratzen.
Ohikoa dirudi, protagonistaren zeregin nagusia altxorra bilatzea izan dadin.
Ordea, baditu Garcia-Vianak ezaugarri bere-bereak:
Aurrena, altxorra ez da bat eta bakarra, baizik sakabanatua. Halatan, altxorra aurkitzea lehenbiziko urratsa izango da soilik; gero zailena etorriko da, hots, barreiatua elkartzea: Maria Mistelek tximinoek harat-honat darabilten altxorra batu beharko du; Balatza Tximistaren Alabak aldiz Aitorren makilaren bidez eta Anabas zatitzaile maltzurraren aurka euskal leinuak beharko ditu bildu; eta azkenekoz Juliak begiak sendatzeko formula bildu nahiko du, sei loretan baitago zatitua, eta loreetako batzuk lagun traidoreek dauzkate bereganatuta.
Hurrena, altxor barreiatua batzeko oinarrizko bultzada emakume batek emango du beti, Maria Mistel, Balatza eta Julia Montillak, eta ahalegin horri alaba diren aldetik ekingo diote gainera, aitarenganako fideltasunak bultzaturik, aita hilarenganako fideltasunak Mistelek eta Montillak eta biziarenganakoak Balatzak. Balatzarengan nahastu egiten dira dena den aitarenganako fideltasuna eta bere herriarenganakoa.
Azkenki, Balatzak euskal leinu sakabanatuak bere aginte-makilapean biltzea erdiesten baldin badu, uste dut Garcia-Vianaren berezkoa Triangelu Hautsiak eta Sei Lorek dakartela: altxorrak abenturen ostean guztizko garrantzi obsesibo hura galduko du eta erdibiturik geldituko da (Triangelu Hautsia), edo bere dirdira liluratzailea itzali ostean baztertua eta ahantzia (Sei Lore), bien bitartean eta altxor bilatzearen kariaz protagonistek bestelako altxor bat aurkitu baitute, beroa, kontu korrentea gizentzen ez duen arren baduena bere xarma: amodioak bilduko ditu batetik Maria Mistel eta Martin Agerreberri, basoan zein itsasontzian Pariserat, eta bestetik Markos Gorriti eta Xaho-Xaho, ekialdeko neska irribarre zoragarrikoa, Bilboko putetxe batean.
Erantzun
Sartu