Sustatu logoa Teknologia albisteak

Fon, mapak, Martin Varsavsky eta gu

Ziztu batean igaro zen atzo Donostiatik Martin Varsavsky, FON enpresa proiektuaren sortzailea. Aste honetan estreinatu du Fonek gune ofiziala, deskargarako softwarea eta, besteak beste, mapen aplikazio bat, Euskal Herriko bi enpresen artean egina: CodeSyntax eta Alianzo Networks.

Zera da Fon: wifi puntuen arteko sare difuso bat, etxean interneteko banda zabala jasotzen dutenen artean osatuak, nork bere etxetik haririk gabeko routerren bidez hedatua etxeko leihotik iristen den lekura, 50 metrora edo... Boluntarioak gehitzen badira, batzuk Linus espiritu librearekin, eta besteak Bill goitizenarekin tarifatxo batzuekin banda zabal hori alokatzeko asmoarekin, sare handi bat sor daiteke, hiriz hiri. Irismena globala izan daiteke, benetan ideia puzten bada, eta erabilpen nagusiak wifi-telefonia (ia doakoa), eta konexio librea Internetera toki askotatik, doan edo oso oso merke...

Ideia marketing lotsagabe samarrarekin ari da saltzen Martin Varsavsky. Donostian ere bi ekitalditan propaganda hori agerian utzi zuen atzo.

Donostian esandakoak

Deustuko Unibertsitatean, ESTEn , egin zuen agerraldian egon ginen eta Europatik egin duen biratik apur bat nekatuta bazetorren ere, Varsavskyk komunikatzaile ona dela erakutsi zuen.

Erdi enpresa erdi GKE bezela aurkeztu zuen FON mugimendua. Ez dago argi horrela izango den azkenean, baina enpresa munduan berritzaileak diren zenbait ideia ditu inplizituki FON proiektuak.

Internet sarearen indarra hasiera hasieratik erabiltzea, blogak marketinerako, giza baliabiden kudeaketa eta aukeraketarako, edo enpresa aliantzak eta estrategiak sortzeko, esate baterako.

Jazztel edo ya.com enpresetan publizitatean gastatu zuen dirutza gastatu beharrean, gaur egun blogosferak eskeintzen dituen aukerak aprobetxatzen dituela oraingoan - hemendik 30 urtera publizitatea desagertu egingo dela iragarri zuen -, eta Internetek sareak sortu eta garatzeko aprobetxatu beharra dagoela azpimarratu zuen Varsavskyk.

Entzule baten galderari erantzunez, FON-entzat etorkizuneko bi eszenategi aurreikusten dituela esan zuen:

  • proiektuan izena ematen duten guztiek linusak badira eta, ondorioz, diru sarrera handirik ez bada lortzen, porrot ekonomiko txiki bat izango da, Varsavskyren poltsikotik ateratako miloi bat euro inguru kostatuko duena. Baina kostu horren trukean, wi-fi sarbide unibertsala lortuko da modu oso azkarrean Europa osoan. Diru askoz gehiagorekin abiatu diren beste proiektu batzuk lortu ez duten bezala. Dirurik ez dut egingo, baina hiltzen naizenean Europan wifi sarbidea bideratu zuen gizona bezala gogoratuko naute esan zuen Martinek
  • aldiz, izena ematen duen gehiengoa bill edo alienak (kanpotik datozenak) badira, proiektuak dirutza egingo duelakoan dago Varsavsky.

Bukaeran, FON mugimenduan parte hartzera animatu zuen gendea eta oso interesatuta agertu zen jendearen artean, elastikoak eta txapak banatu zituen.

Maltzurkeria ala iraultza soziala?

Benetan ideia iraultzailea eta irekia den, eztabaida dago hor, Barrapunton eta beste toki batzuetan (Sustatun ere argitaratu zen zerbait). Ez ote engainu bat, Varsavskyk berriz pelotazo bat jo dezan? Aurretik ere aberastu zen gizon hau bere proiektuekin: Jazztel telefono konpainia eta Ya.com Internet ataria. Bietan diru asko irabazi zuen Varsavskyk: enpresa bideragarriak ote diren, zalantza dago oraindik.

Enpresariaren helburua, duda barik, dirua egitea da, eta egin, egin daiteke... agian! Eta eredu ireki batekin ere gerta daiteke hori: gardentasuna marketinga da, baina baita proiektuaren esperantza: jendeak osatuko du sarea, eta jendeari onura pertsonala ekartzen dion heinean funtzionatuko du. Onurarik ez badago boluntario horientzat, ez du funtzionatuko.

Mapak egiten

Bitartean, harekin untzi honetan gabiltzanok nolatan honetan? Webdosbeta izeneko bilera batean egon ziren CodeSyntaxeko bi lagun urrian: Han aurkeztu genuena, Tagzania, interesatu zitzaion Varsavskyri, eta berak ere mapak behar zituela argi samar zegoen. Bost minutu hitz egin genuen orduan Martinekin. Mezu pare bat trukatu genituen hurrengo 48 orduetan, eta hala, beste lagun batzuekin batera, mapak egiten geniharduen konturatu orduko...

Espainiarako aplikazio bat da egindakoa (hau, Tagzania ez bezala, euskaraz ere bai hastepenetik), eta ikusiko dugu jarraipenik duen beste herrialde batzuetarako. Varsavskyrekin, Fon-ekin eta mapa hauekin, proiektu guztiekin bezala, etorkizuna irekia dago.

Informazio gehiagorako, jarraitu ditzakezu Varsavskyren blog pertsonala eta FON proiektukoa (biak elebidunak, ingelesez eta gaztelaniaz). maps.fon.com aplikazioko mapei dagokienez, probisionalak dira oraingoz... Joango dira hobetzen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu