Teknologia albisteak

Elhuyar Aholkularitzako 3 teknikari Belgikan

Erabiltzailearen aurpegia
Miel Guridi - Elhuyar Aholkularitza
2005-11-14 : 09:11

Azaroaren 14tik 18ra helduen hezkuntzako esperientziak trukatzeko eta kooperatzeko topaketa bat egingo da Belgikako Loverval herrian eta Euskal Herriko ordezkaritza han izango da, Elhuyar Aholkularitzako hiru teknikarik ere parte hartzeko asmoa dutelako.

Topaketa hori Socrates programaren barruan kokatzen da, “Grundtvig 2” lan lerroan, hain zuzen. Socrates Europako hezkuntzako programa bat da eta 30 herrialde barne hartzen ditu. Programa horren helburu nagusiak dira Ezagutzaren Europa eraikitzea eta mende berriaren erronkei aurre egiteko erantzunak ematea.

Topaketa horretan zehazki Frantzia, Eskozia, Suiza, Alemania, Belgika eta Euskal Herriako 9 erakundetako 26 ordezkari elkartuko dira. Erakunde horiek guztiek parte-hartzea eta eraikuntza kolektiboa oinarri dituen metodologiaz baliatzen dira lantzen dituzten proiektuetan, eta lantaldean aztertuko duten gai nagusia honakoa izango da: “Jabetzearen Ikuspegitik Helduen Alfabetizazioa Indartu”.

Elhuyar Aholkularitza enpresa, udal eta udalerrietako euskara-planetan, parte hartzeko prozesuetan eta antolamendua hobetzeko prozesuetan aritzen da lanean. Lan horietan darabilen metodologia hobetzeko asmoz, berrikuntzetan ikertzeko eta ezagutza berria jasotzeko ahaleginen barruan kokatzen da ekimen hau. Horregatik, Elhuyar Aholkularitzak komenigarritzat jo du Europako beste esperientzien berri izatea eta horretarako Socrates programak eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi izan ditu.

Erantzun

Sartu