Antonio Zavalak herri literaturaren inguruan berrogeita hamabi urtez bildutako agiriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku gelditu dira, bi aldeek eta Jesusen Lagundiak izenpetutako hitzarmenaren bitartez.
Ezin konta halako bertso-paper, eskuizkribu, liburu, grabaketa eta abar bildu ditu Antonio Zavala euskaltzain osoak, betiere herri literaturaren inguruan. Gainera, bere bildumaren emaitza arian-arian argitaratu izan du, Auspoa sailean.
Hitzarmena izenpetzerakoan, Gipuzkoako diputatu nagusi Joxe Juan Gonzalez de Txabarrik goraipamen eta esker hitzak izan ditu Antonio Zavalaren lanagatik eta bilduma Aldundiaren esku uztea erabaki izanagatik. Aita Zavalak, berriz, bere bildumako ale eder batzuk erakutsi ditu: Uztapideren Lengo egunak gogoan liburuaren eskuizkribua, Salbador Zapirain Atañoren Txantxangorri kantaria eleberriaren eskuizkribua eta abar.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bilduma sailkatu eta Koldo Mitxelena Kulturunean ongi gorde eta zaintzeaz gain, digitalizatu eta irakurle nahiz ikerlarien esku jartzeko hitza hartu du.
Erantzun
Sartu