Teknologia albisteak

Sarean da www.durangokoazoka.com atari berria

Erabiltzailearen aurpegia
Lekukom - Durangoko Azokatik
2005-11-14 : 09:11

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak 40 urte beteko ditu aurten, eta horrekin batera, webgunea goitik behera berritu dute. Azokaren irudi berria, freskoa eta modernoa erakutsi nahi duen webgunea da. Aste honetan aurkeztu dute webgune berria.

Azken egunotan sareratu du Gerediaga Elkarteak azokaren webgune berria. Eduki aldetik ondo hornituta, erabiltzeko erraza eta itxura aldetik webgune erakargarria osatu dute. Irisgarritasuna bermatzen ditu bai eta Interneteko estandarrak bete ere.

Azokaren webgunea egiteko orduan, bere lekua egin zaio elkarte antolatzaileari: Gerediaga elkarteari. Bere nortasuna adierazten ahalegindu dira, Azokaren eta Elkartearen arteko lotura nabarmenduz. Itxuraz ere, ezberdin baina antzeko dira www.durangokoazoka.com eta www.gerediaga.com atariak.

Alde teknikoari begiratuta, aurreko puntuetan aipatutakoez gainera, batez ere azken hilabeteotan Interneten indarra hartzen ari diren tresnak eta baliabideak erabili dira www.durangokoazoka.com egiteko; esate baterako, bloga eta albistegi automatikoa eta RSS jarioa gehitu zaizkio.

Katalogoa ere berria da; bisitarientzat, ustez, erabilgarriagoa izango da. Eta, berehala berrituko da aurtengo Azokan erakutsiko diren liburu, disko eta bestelakoekin.

Urte guztirako webgunea

Webgunea urte osoan irauteko asmoz sortu da: Azokaren eta Gerediagaren inguruko informazio historikoa ere badauka. Gogoratu, tarte hau, aurten bereziki, aipagarria dela oso, izan ere, Azokak zein Gerediaga elkarteek 40 urte betetzen dute. Katalogoa ere urtean zehar eguneratu egingo da.

Webgunea orain jaio da, baina datozen aste eta hileotan indartzen joango da, eta uste dugu epe motzean euskal kulturan erreferentzia bilakatu daitekeela.

Parte hartzea

Webguneak parte hartzeko hainbat bide proposatzen ditu. Batetik sortu berri duen blogaren bidez, Olmako tximiniatik erantzunak bidaliz, eta bestetik, Azokaren inguruan bisitariek duten iritzia eta ikuspuntua kaleratuz. Horrez gainera, kontaktu-formularioaren bitartez ere parte hartu daiteke; bisitariek nahi dutena esateko aukera dute, betiere, webgunearen edo azokaren inguruan.

Azoka etxetik

Azoka gaurtik aurrera abian da webgunearekin batera. Datozen egunetan, antolaketa arloan sortzen diren berrikuntzak sareratuko dira. Guzti horren berri, albisteen bidez eta argazki bidez jarraitzeko aukera izango da. Webgunearen beste atal garrantzitsu bat argazki galeria delako.

Azken bi urteetako edizioetan argazkiez gain, argazki zaharren galeria txiki bat sareratu ditugu. Eta aurtengo argazkiak sortu ahala ikusteko aukera ere izango da. Horretaz arduratuko da Txelu Angoitia argazkilari durangarra.

Laster aurkezpena

Durangoko azokaren inguruko informazio guztia hilaren 23an kaleratuko dute antolatzaileek: kartel berria (ikusgarria), egitaraua, argizaiola omen-saria nori emango zaion, katalogo berria, eta abarrak.

Webgune berriaren ardura teknikoa Codesyntaxek izan du, eta erredakzio-lana Lekukom Lekuko Komunikazio Zerbitzuak enpresaren esku egon da.

Durangoko Azokaren webgune berria.

Erantzun

Sartu