Azaroaren 7tik 17ra, laugarren ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIAREN ASTEA ospatuko da. Aurten jorratuko den gaia Ingurune Adimena da, eta honen inguruan Nazioarteko Sinposiuma izango da Leioan, azaroak 7 astelehenetik aurrera.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (TIC) azkenaldian emandako aurrerapausoek eragin handia izan dute gure bizitzeko moduan; izan ere, gure hurbileneko inguruetan teknologia horien bitartez lan egiten eta jarduten dugu, bai pertsonen arteko harremanei dagokienez, bai eta lanari dagokionez ere. Eta argi eta garbi dago horren eraginak gora egingo duela hemendik aurrera.
Ingurune adimenak etorkizun horren ikuspegi bat ematen digu. Bertan, nolabaiteko adimen gaitasunak dituzten eta pertsonekiko sentikorrak izango diren eta haien aurrean erreakzionatu egingo duten tresnak izango ditugu inguruan. Ingurune Adimenari buruzko teknologiek konputazio ubikuo kontzeptuak eta sistema adimentsuak konbinatuko dituzte, eta pertsonak jarriko dituzte garapen guztien erdian, ez bakarrik garapen teknologikoen erdian, bai eta eguneroko bizitzarekin erlazionatutako diziplina guztien erdian ere (sozio-ekonomia, psikologia, kultura, pedagogia, etab.).
Prozesu horrek, egunero erabiltzen ditugun objektuetan, altzarietan, jantzietan edo ibilgailuetan, egongo diren interface adimendunez inguraturik egongo garen eszenatokira eramango gaitu. Inguru horietatik mugitzen garen heinean, interface horiek gure presentzia hautemango dute, eta, ondorioz, zenbait lan modu automatikoan egingo dute, gure testuingurura egokituko dira eta, sarritan, gure beharretara aurreratuko dira.
Ingurune Adimena kontzeptuak zientzia fikziozko eszenatokiak gogoratzen badizkigu ere, nazioarte mailan, eta unibertsitateetan, industrian edo erakunde publikoetan burutzen ari diren ikerketa eta garapen esparruetan, hori errealitate bilakatzeko esfortzu serioak ari dira burutzen jada.
Sinposio honen bitartez Ingurune Adimenari buruzko ikuspegi orokorra eman nahi da, bai nazioarte mailan zein Europa edo Euskadi mailan ere.
Informazio gehiago saretek-en
Erantzun
Sartu