Teknologia albisteak

Mundurat Sarearen IV. urteurrena ospatuko da ostiralean Anoetan

Erabiltzailearen aurpegia
Mundurat Sarea - Mundurat Sarea
2005-10-27 : 02:10

Mundurat Sarearen sorreraren IV. urteurrenaren aurrean Anoetako gazte asanbladak urriaren 28rako, ostirala, jai xume bat antolatu du.

Mundurat Sarearen sorreraren IV. urteurrenarekin bat eginez, datorren urriaren 28rako, ostirala, jai xume bat antolatu dugu Anoetako Gaztetxean bertako Gazte Asanblada eta Harrika, Kloratita eta Ezein musika taldeen laguntzaz. Kontzertuarekin ateratako diru apurra proiektua hobetzeko erabiliko da. Barneratu Mundurat-erako bidaian!


MUNDURAT SAREAREN OHARRA
Urriaren 27a iritsi da eta Mundurat Sareak bere laugarren urtemuga ospatzen du. Lau urte luze igaro dira bi gazte zarauztarrek udako eguzkiaren intsolazioen azpian proiektu lokal hau ideiatu genuenetik. Material xumez eta ezagupen egarriz hasitako proiektua, Zarauzko hainbat talde eta kolektiboren web guneak ostatatzeko zerbitzu aske eta doakoa zen.

Hau lortzeko ardatz nagusia software librea genuen, eta sistema guztia honen gainean muntatzeari ekin genion, lizentzia garestiak ekidinez kalitatezko zerbitzua lortuz. Eta hau ikusirik, ahal genuen neurrian gure proiektuek software librea erabil zezaten bultzatzeari hasi ginen.

Denbora aurrera joan den heinean, proiektua handitu eta Euskal Herriko talde eta kolektiboetara zabaldu genituen ateak, hauek ere, zerbitzu egarriz baitziren. Eta honen ondorio dira gaur egun sistemak kudeatzen dituen ia 50 proiektuak, bai gazte asanblada eta gaztetxeak, zein musika taldeak eta kontrainformazio guneak.

Hazkunde hau dela-eta, aurtengo udan, Getxon burutu genuen Mundurat Sarearen lehen batzarra, etorkizuneko erronka berriei nola aurre egin behar genien eztabaidatzeko.

Eta bertan adostutakoaren lehen ondorio dira Euskal Herrian zehar antolatu ditugun kontzertu batzuk, hala nola, bihar Anoetako gaztetxean burutuko dena. Ekintza hauen bitartez Mundurat Sarea zabaltzera eta ezagutzera eman nahi dugu, eta baita ditugun material zaharren berriketarako dirua lortu, etorkizunean orain arte eman dugun zerbitzu berdinak edo hobeak emateko aukera izan dezagun.

Mundurat Sarea
www.mundurat.net

Erantzun

Sartu