Teknologia albisteak

Enpresan Bai Euskarari

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontseilua
2005-10-26 : 10:10

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak lan munduan euskararen presentzia areagotzeko kanpaina jarri du abian. ‘Enpresan Bai Euskarari’ lelopean Euskal Herriko 50 langiletik gorako 1.300 enpresatan hizkuntza-konpromisoak zabalduko ditu Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez.

Kontseiluak euskararen normalizaziorako neurri zehatzak hartu eta gara ditzatela proposatu nahi die enpresei, bertako zuzendaritzak eta Langile Komiteak inplikatuz. “Enpresaren estamentu guztien parte hartzea beharrezkoa da”, azaldu du Kontseiluko Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek

Euskara Sustatzeko eta Euskalgintza Babesteko Akordio Soziopolitikoaren sindikatu sinatzaileek kanpaina hedatzen lagunduko dute, EHNE, ESK, ELA, HIRU eta LAB, alegia. “Sindikatuen parte hartzea izango dugu enpresa bakoitzean kanpainaren berri emateko”, jakinarazi du Mendigurenek.

Enpresa mundua, lan harremanen gunea, euskararen garapenerako eta normalizaziorako eremu zaila izan da betidanik. “Hezkuntzan, komunikazioan, kulturan eta abarretan euskaren erabilera sustatzeko asmoz urratsak eman badira ere, lan munduan zeregin handia dugu hizkuntzaren normalizazioa erdiesteko”, adierazi du Kontseiluko Idazkari Nagusiak.


“Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez enpresek neurri zehatzak hartu eta euskararekiko konpromisoa adierazten diote gizarte osoari”, azaldu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Arduradunak, Rober Gutierrezek. Lan munduan euskararen normalizazioan aurrera egiteko enpresen parte hartzea beharrezkoa dela argudiatu du Arduradunak. “Enpresetan euskara erabiltzeko gaitasuna izatea lehiakortasunerako giltzarrizko faktorea da”.

Kanpainaren euskarria enpresan konpromisoa irudikatzen duen kartel bat da. Honen 19.000 ale banatuko dira lantegietan eta bulegoetan itsasteko. Honekin batera, helburuari buruzko azalpenak ematen dituen informazio orri bat prestatu du Kontseiluak. Bestalde, adierazpen bat zuzendu die enpresen Zuzendariei eta Langile Kominteei. “Prestutasuna adierazten duten enpresariak eta langileak harremanetan jarriko dira Kontseiluarekin eta ondoren konpromiso prozesuari ekingo zaio”, azaldu du Ziurtagiriaren Arduradunak.

Erantzun

Sartu