Telekomunikazio enpresa erraldoiei arerio berri bat sortu zaie: norbanakoen wifi komunitatea. Ideia oso sinplea da. Zuk etxean edo lantokian wifi konexioa daukazu, ezta? Ba sobratzen zaizun banda zabalera eman FON sareari. Eta, trukean, zuk ere FON sare osora sartzeko eskubidea izango duzu, edozein tokitan zaudela ere.
Wifi konexioen Skype bat sortu nahi dutela esaten ari dira. Gure nahia, WiFi sare global bat sortzea da.
Google bere kasa ari da AEBtan wifi globalaren esperimentua egiten; zenbait herritako udal batzuk ere ari dira horretan. Baina horien zai egon gabe, erabiltzaileak eta komunitatea mugiaraztea nahi dute FON mugimendukoek.
Nola lortu hori, ordea?
Zuk zure etxean daukazun wifi konexioa fon sarekoei uzten diezu. Bi modu dauzkazu horretarako: bat, Linus modua (doan eskaintzen dut nire konexioa, trukean besteenetara doan sartu ahal izateko); bigarrena, Bills modua (euro batzuren truke eskaintzen dut nire konexioa).
Atzean Martin Varsavsky enpresari argentinarra dabil, besteak beste Jazztel telekomunikazio enpresaren eta ya.com-en buru izandakoa. Richard Moret blogari gasteiztarraren laguntza ere izan du webgunea diseinatzeko orduan. Enrique Dans irakasle eta blogari espainiarrak ere pare bat bider aipatu du bere blogean, eta bultzada eman.
Eta blog komunitatea mugimendua komentatzen ari da. Ez dela legala, arazoak ekar ditzakeela, baietz funtzionatuko duela, Martin hori azeri zaharra dela, Skype-koek ondo hartu dutela, horrek funtzionatzea lortuz gero mugikorrak doan izango ditugual (wifi+skype)...
Informazio gehiago, euskaraz ere badagoen fon.es wegunean.
Erantzun
Sartu