Googleren RSS irakurgailua
2005-10-08 18:10
Azkenean, bere zerbitzu eskaintza zabaltzeko estrategiari jarraituz, Google erraldoiak atera du bere RSS irakurgailua. Beraz, nahi izanez gero, handik ere jarraitu dezakezu Sustatu. Hori bai, Google Account -a beharrezkoa da zerbitzuan sartu eta erabiltzeko.
Google RSS irakurgailuari (http://www.google.com/reader ) buruzko albistea Euskal blog "geek"-enetan jasotzen da:
- Teknosexua: Google Reader: RSS irakurgailua . Inportazio - esportazio aukera nabarmentzen du Garik: Bloglines erabiltzen dugunontzat oso erraza da honelako tresnak frogatzea, normalean denek OPML estandarra erabiltzen bait dute feed-en zerrendak inportatu eta esportatzeko, baina akatsen batzuk somatzen ditu: Lehen inpresioan espazio falta sumatu dut, Bloglines-ek ez daukana. Dena bata bestearen gainean dagoela ematen du.
- Teketen: Googlek jario irakurgailu bat ateratzen du, Google reader . Ez du frogatu, baina Googleren handitze estrategia azpimarratu du: Googlek mundua kontrolatzeko helbururantz doa.
- IKTeroak: Bloglines' killer??? . Titulu adierazgarria, Google Bloglines-en arerio handia bihurtuko delakoan. AJAX -en oinarrituta dagoela azpimarratzen du Magic-ek eta interfazea oso sinplea, garbia eta erabilerraza dela dio. Baina froga egin ondoren akatsak ikusi ditu ere: ohartu naiz mantsoago dabilela eta Bloglines baino denbora gehiago behar duela eguneratzeko.
Momentuz, blog euskaldun hauek aurkitu ditugu Google Reader zerbitzuaren gainean hitz egiten, agian gehiago ere izango dira.
Erantzunak kargatzen...