Teknologia albisteak
1

Eibarko ahozko artxiboa Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2005-10-04 : 11:10

Joan zen ostiralean aurkeztu zen Eibarren Eibartarren Ahotan Ahozko artxiboa online. Proiektuaren helburua Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak grabatu eta bideoz jasotzea. Orain, hori guztia Interneten dago kontsultagai.

Eibartarren Ahotan proiektuaren helburua Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Eibarko euskara eta ahozko ondarea jasotzeko, izugarrizko lan sistematikoa eta antolatua egiten dihardute azken urteotan Eibarko udaletxean, bai argitalpenak sustatuz, bai zaharrenei grabazioak eginez. Azken lan horren arduradunak Itziar Alberdi eta Asier Sarasua izan dira, Eibarko udaleko Ego Ibarra batzordearen gidaritzapean. Alderdi teknikoa CodeSyntaxek landu du, webgunea, bilaketa-sistema eta artxiboen kudeaketa.

Grabatutakoa Interneten

Egileek aurkezpenean aitortu zuten moduan, proiektua abian jarri zutenean Internet zer zen ere juxtu-juxtu zekiten, duela 6-7 urte. Hala ere, beti izan zuten buruan hedapena, eta hedapen gauzatzeko biderik zuzen eta egokiena Internet zela. Lehenengo fase batean bideoak grabatzeari eman zioten lehentasuna, baina azken bi urteotan Internet izan da erronka, jasotakoa Interneten erakustea.

Lehenago ere hainbat fruitu eman ditu proiektuak, besteak beste Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Baina ostiralean aurkeztutakoa gehiago da. Orain arte, azken urteotan egin den lanaren zati handi bat, datu-basea eta ikusentzunezko fitxategiak, sarean jarri dira, edozeinek kontsultatzeko moduan, eta batez ere, protagonisten ahotsa entzuteko eta beraien aurpegiak ikusteko aukerarekin.

Oraindik ere jasotakoaren zati txiki bat besterik ez dago Interneten (500 ordu inguru dituzte grabatuta, eta Interneten %20a dago, gutxi gorabehera), baina datozen hileetan fitxategi eta irudi gehiago gehitzen joango dira.

Euskal Herrian aitzindari

Lehenago ere badira antzeko beste pare bat fonoteka Euskal Herrian, besteak beste Bizkaieraren fonoteka eta Nafarroako fonoteka, baina herri mailako lehenengoa da oraingo hau. Gainera, berezitasunen artean, orain arte kargatuta daukan material kopurua dago, eta batez ere, jasotako guztia gaika antolatuta eta erabiltzaileak nahi duen moduan aurkitzeko bezala antolatuta dagoela.

Gainera, badirudi Eibarren hasi dutena inguruko herrietara ere zabalduko dela, inguruko herrietan ere (Bergaran, Antzuolan, Elgetan, Debagoienean...), antzeko proiektuak bideratzen ari direlako, Badihardugu Euskara Elkartea eta bailarako udalen babesarekin.

Eibarko proiektuaren inguruko informazio guztia Egoibarraren webgunean. Eibartarren ahotan artxiboak balorea handia du gaur egun, baina handiago izango du hemendik urte batzuetara. Ostiraleko aurkezpenean Itziar Alberdik ondo azaldu zuen bezala, ez bakarrik hizkuntzalaritzatik begiratuta, XX mendearen hasieran eibarko euskalkia jazotzen duelako, era berean, ahozko artxiboak balore etnografiko, historiko, soziologiko, ... handia duelako. Miren Azkaratek, bestalde, euskararen kalitatea hobetzeko eta ikastetxeetan erabiltzeko, horrelako proiektuak ezinbestekoak direla azpimarratu zuen.

Informazio gehiago

Egileetako batek bere ikuspuntua utzi du bere blogean, Asier Sarasua eibartarrak, eta argazkiak flickerren. Aurkezpenean egondako Enekok ere bere iritzia utzi digu bere webgunean.

Eta lotura hauetan ere informazio gehiago aurkituko duzue:


Erantzunak

Asier
2005-10-05 : 13:08

Proiektuaren arduradun nagusiari elkarrizketa egin diote, eta bertan kontatzen ditu proiektuaren inguruko kontu guztiak.


Erantzun

Sartu