Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sustatu, Espainiako (!) blog garrantzitsuenen artean

Sustatu
2005-09-30 09:09

Alianzo Networks enpresa bizkaitarrak Espainiako blogen ranking bat eratu eta aurkeztu zuen duela aste batzuk sare sozialei buruzko bere blogean. Orain berritu egin dute zerrenda, eta Sustatu agertzen da, Espainiako 50 blog eraginkorrenen artean. Gaztelaniaz ez den bakarra da, gainera.

Sustatu sartu da 39 postuan zerrenda horretan, hemen duzue osorik. Alianzotik adierazi dutenez, katalanezko bat, Puntbarra, 50.etik gertu geratu da, baina ez talde horretan. Eta beste guztiak, gainera, gaztelaniazkoak dira, Barrapunto buru dela.

Seguruenik, katalanaren indarra ikusita, egon behar dute hortik beste blog batzuk hizkuntza hartan geureak baino eragin handiagoa izango dutenak. Baina ez dira ageri. Euskal panoramari begira, ez dakigu beste blogen batek Sustatuk baino garrantzi, eragin edo kalitate handiagoa duen, baina euskal blogosfera indibidualak, oro har hartuta, askoz interes gehiago dauka blog kolektibo honek baino.

Baina tira, metodologia jakin bat aplikatu dute, eta emaitza horixe da.

Bestalde, Compareblogs tresnan begiratu dugu,eta ez daude Sustatu baino bloglines harpidetza gehiago dituzten blog asko Espainian... Compareblogs-ek ematen dituen datuen inguruan, beste artikulu bat euskal blogosferan, Klik Bikoitzean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu